DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebieta-Etxanok 32.000 erosketa bonu kaleratu ditu bertako kontsumoa suspertzeko

Amorebono kanpaina irailaren 10etik abenduaren 20ra arte luzatuko da

Urtza Uriarte, Cristian Osip, Amaia Aurrekoetxea eta Koldo Bilbao.
Urtza Uriarte, Cristian Osip, Amaia Aurrekoetxea eta Koldo Bilbao.

AMOREBIETA-ETXANO | Tokiko ekonomia sustatzeko eta herritarrei erosketetan deskontuak lortzeko aukera eskaintzeko asmoz, Amorebieta-Etxanoko Udalak Amorebono 2024 kanpaina aurkeztu du, irailaren 10etik abenduaren 20ra arte luzatuko dena eta zornotzarren eskura 32.000 bonu jarriko dituena. “Azken urteotan urte zailak bizi izan ditugu, eta horregatik, orain inoiz baino gehiago, herritarrak animatu nahi ditugu tokiko merkataritza sustatzera. Amorebonoen bidez herritarrek deskontu zuzenak lortu ahal izango dituzte, gure kale eta dendetan kontsumoa sustatuz “, azaldu du Koldo Bilbao zinegotziak.

Prentsaurrekoan, eta Amaia Aurrekoetxea bertako Merkataritza eta Ostalaritza zinegotziak, Cristian Osip Dendariak merkatarien elkarteko presidenteak eta Urtza Uriarte tokiko ekoizpena eta kontsumoa sustatzen duen Iraunkor kolektiboko kideak lagunduta, kanpaina berriaren nondik norakoak jakinarazi dira. Zehazki, Amorebono 2024k 160.000 euroko aurrekontua du guztira, 32.000 amorebono jaulkitzeko. Horietatik 30.000 tokiko saltokientzat dira, eta 2.000 lehen sektoreko ekoizleentzat.

Bonu bakoitzarekin, atxikitako establezimendu batean 15 euro ordaintzeko eta 20 euroko erosketa-balioaz gozatzeko aukera ematen die herritarrei, erosketa unean zuzenean aurrezteko aukera emanez. Pertsona bakoitzak NAN bakarra erabili ahal izango du eragiketa bakoitzeko. Bonuak lortzea errazteko, NAN elektronikoa edo BAKQ erabili beharko da. NAN bakoitzari esker, gehienez ere 5 bonu eskuratu ahal izango dira lehen sektoreko erosketetarako (nekazaritzako elikagaiak eta lehen sektorekoak), eta 6 bonu gainerako saltokietan erosteko.

Amorebonoak Amorebieta-Etxanoko Udaletxean eta Zelaieta Zentroan dauden kutxazain automatikoetan eskuratu ahal izango dira. Zentzu horretan, Herriko Plazan dagoen Herritarren Arretarako Zerbitzua astelehenetik ostiralera egongo da eskuragarri, 07:30etik 15:00etara. Bestalde, Zelaieta Zentroak astelehenetik ostiralera 8: 30etatik 21:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eskainiko du zerbitzua.

“Garrantzitsua da azpimarratzea bonuek hilabeteko balioa izango dutela erosten direnetik, eta horrek tokiko kontsumoa bizkorrago erabiltzera animatzen gaitu”, azpimarratu du Aurrekoetxeak.

Orain arte, 58 establezimendu batu dira kanpainara; horietatik 3 lehen sektorekoak dira eta 55 beste sektore batzuetako saltokiak. «Kanpaina honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak tokiko merkataritzarekin duen konpromisoa berresten du, eta udalerri barruan ekonomia dinamikoagoa eta jasangarriagoa sustatu nahi du», ziurtatu dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top