Hutsik dauden 5 postuak esleipen-prozesuan daude, eta kanona urtean 1.967,94 € eta 5.428,80 € artekoa da

DURANGO | Udal merkatu berritua ireki eta funtzionamenduan egon den lehen asteburua igaro ondoren, mahai eta banku berriak jarri dira herritarren gozamenerako. Mahai horiek, gainera, baserritarrek asteko azokan erabiltzeko diseinatuta daude, eta merkatuaren modernizazioan aurrerapauso bat dira, diseinu bateratua, erraza, balioaniztuna eta nekazaritzako zein elikagaigintzako produktuak saltzeko behar diren erabilera desberdinetara egokitzeko modukoa baitute. Ezaugarri horiei esker, postuak muntatzea eta desmuntatzea errazten da, eskuragarri dagoen espazioa optimizatzen da eta merkatuaren irudi estetikoa hobetzen da. Altzari berriek jarduera komertziala optimizatzen lagunduko dute, eta esperientzia erosoagoa eskainiko diete bai saltzaileei bai erosleei.
Postuen prezio eskuragarriak: urtean 1.967,94 € eta 5.428,80 € artean
Gainera, merkatu-eredu berria sendotzeko prozesuaren baitan, Udalak deialdi publiko berri bat ireki du oraindik hutsik dauden bost postu komertzial esleitzeko. Okupazio-tasa hilean 11,32 eurokoa da metro karratuko, hau da, espazioaren urteko kostua 1.967,94 € eta 5.428,80 € artekoa da. Alegia, kanona 164 eta 452 euro artekoa da hilean, postuaren tamainaren arabera.
Emakidak hasiera batean urtebeteko iraupena izango du, eta urtean behin berritzeko aukera egongo da, gehienez hamar urtera arte. Esleipen-prozesuan parte hartzeko, 500 euroko fidantza jarri behar da, eta kanona urtero ordaindu beharko da. Udalaren esanetan, “oso prezio lehiakorra da, bereziki kontuan hartuta merkatuaren kokapena eta tokiko merkataritzarentzat duen ahalmen dinamizatzailea”.
Interesdunek eskaerak abenduaren 3a baino lehen aurkeztu ahal izango dituzte Durangoko Udalaren webguneko Kontratatzailearen Profilean (www.durango.eus), eta horretarako informazio guztia ere bertan aurki daiteke.
Durangoko Udalak merkatua dinamizatzeko hainbat ekintza jarriko ditu abian datozen asteetan. Jardueren programa laster jakinaraziko da.
Helburua da merkatua, erosketak egiteko toki izateaz gain, topaketarako, ikaskuntzarako eta sozializaziorako espazio izatea.


