Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak hitzarmen bat sinatu dute San Fauston alokairuko 16 etxebizitza berritzeko

DURANGO | Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Alokabideren bidez —Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren sozietate publikoa—, San Fausto auzoan dauden 16 babes sozialeko etxebizitza alokairu-erregimenean lagatzeko eta kudeatzeko. Akordioaren helburua Durangon etxebizitza eskatzen duten familiei bizitoki-irtenbideak eskaintzea da, udalerriko etxebizitza publikoaren eskaintza hobetuz eta durangarrentzat ingurune irisgarriagoa sortzen lagunduz.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu duenez, hitzarmen hau Udalaren etxebizitza-estrategiaren baitan kokatzen da, bereziki kolektibo ahulenei eta gazteei zuzenduta. “Etxebizitza da herritarren kezka nagusietako bat. Hitzarmen honen bidez, urrats bat gehiago egiten dugu bizitoki duinak eskaintzeko konpromisoan, durangar guztiek etxebizitza duin bat eskuratu ahal izan dezaten. Proiektu hau etorkizuneko plan zabalago baten parte da, eta plan horrek 700 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten du datozen urteetan. Gure nahia da durangarrek beren bizi-proiektua hemen, beren udalerrian, garatu ahal izatea”, adierazi du Elkoroiribek.
Bestalde, Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordeak azpimarratu du erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa dela Durangoko etxebizitza-politiken arrakastarako. Haren hitzetan, “kuantitatiboki, udalerriak gehituko dituen 16 Bizigune etxebizitzek garrantzi handiko ekimena osatzen dute bere tamaina demografikoa kontuan hartuta; izan ere, ez da ohikoa horrelako herri batean hainbeste etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren esku jartzea, eta horrek erakusten du lankidetza sendoa dagoela alde bien artean”. De los Toyosek gaineratu du Etxebizitza Saila, ETS eta Durangoko Udala elkarlanean ari direla jarduera-ildo batean, “trenaren estalduratik eratorritako hitzarmen bat gauzatzea ahalbidetuko duena”. Ekimen horrek, “Durangon etxebizitza publikoaren sustapenean mugarri bat izango da datozen urteetan” ziurtatuko duela aipatuz.
Hitzarmenaren bidez, Alokabidek aldi baterako gozamen-erregimenean kudeatuko ditu lagatako etxebizitzak, ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonei eskuragarri jarriz. Gobernu-taldeak dagoeneko aurkeztu du bere irizpide-proposamena Etxebizitza Mahaian. Esleipen-oinarriak laster argitaratuko dira, alderdi politikoei irekitako kontsulta- eta proposamen-epe baten ostean, prozesuaren gardentasuna eta ekitatea bermatzeko.
Etxebizitzen birgaitzea eta hurrengo urratsak
Etxebizitzak birgaitze-prozesuan daude une honetan, eta hobekuntza nabarmenak jasoko dituzte, besteak beste, sukaldeen instalazioa eta garbiketa orokorra. Durangoko Udalak lan horiek finantzatuko ditu 61.934,28 euroko inbertsioarekin, gehi BEZa (74.940,48 euro guztira). Lanak 2025eko abendurako amaitzea aurreikusten da.
Obrak amaitutakoan, etxebizitzak esleituko dira aurrez aipatutako irizpideen arabera. Esleipen-prozesuak ezarriko diren baldintzez gain, eskatzaileen premia-maila ere kontuan hartuko du. Etxebizitzen banaketa 2026ko lehen seihilekoan egingo da.
Hitzarmenak 5 urteko iraupena izango du, eta beste 5 urtez luzatu ahal izango da. Tarte horretan, Alokabidek errentamenduen kudeaketa egingo du, eta sortutako errentak Durangoko Udalari transferituko dizkio, hitzarmenaren baitan adostutakoaren arabera.
Etxebizitzari buruzko aholkularitza-zerbitzu berria
Durangoko Udalak etxebizitzaren arloan aholkularitza eskaintzeko zerbitzu berri bat jarriko du martxan 2025 amaieran. Zerbitzua doakoa izango da, eta helburua herritarrei laguntza ematea da etxebizitzen erosketa, alokairua eta kudeaketarekin lotutako gaietan.
Zerbitzuak informazio pertsonalizatua eskainiko du etxebizitza-programen inguruan, alokairu-aukerak, laguntza publikoen baldintzak, eta baita tramite administratibo, legal eta finantzarioei buruz ere. Era berean, etxebizitza bat erosi edo alokatu nahi duten pertsonei orientazioa eskainiko die, kontratuen inguruko zalantzak argituz eta maizter zein jabeen eskubide eta betebeharrak ulertzen lagunduz.
Aholkularitza zerbitzua erabat doakoa izango da, eta 2025aren amaieran martxan jartzea espero da.