DOT Durangaldea

Ainhize Belar eskatzaile atxondarrak inauguratuko du Zaldibarko rokodromo berritua

Eraberritze lanak amaituta, Zaldibarko Udalak ostiral honetan, otsailak 27, inauguratuko du rokodromo berritua

Inaugurazioa bariku honetan izango da

ZALDIBAR | Udalak legealdi honetako proiektuetako bat bete du: rokodromoa berritu du, eta araudiak agintzen dituen betekizunetara egokitu. Batetik, goitik behera berritu da eskalada gunea. 98 metro karratuko boulderra jarri da hasiberrientzat zein eskalada-teknikan sakondu nahi dutenentzat. Era berean, eskaladarako hainbat bide jarri dira, baita suspentsio-taula eta Campus Board bana ere. Bestetik,  udalak azpiegiturako komunak berritu ditu. Komun berriak ipini dira, eta aldagelak eta dutxak gehitu zaizkie horiei. Zerbitzu horiek arku-tiroko kirolariek ere erabili ahalko dituzte aurrerantzean. Lanek 190.000 euroko inbertsioa izan dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 41.397 euroko laguntza eskaini du.

Eneritz Azpitartek nabarmendu duenez, “eskalada praktikatzeko joera asko hazi da azkenaldian, eta Zaldibarko Udalak beharrezkotzat jo du rokodromoa berritzea. Horri eskerrak, bi helburu lortu dira: herriko eskalatzaileek merezi bezalako azpiegitura izatea eta azpiegitura horrek segurtasun irizpideak betetzea”. Horrez gainera, legealdiko ildoari jarraituta, udalak herriko kirol instalazioak hobetzen jarraituko duela nabarmendu du Azpitartek.

Inaugurazioa ostiralean 

Rokodromo berriak ostiral honetan, otsailak 27, irekiko ditu ateak, 18:00etan. Inaugurazio ekitaldian Ainhize Belar eskalatzaile atxondarrak parte hartuko du.

Halaber, udalak jakinarazi du herritarrek asteburu honetatik aurrera erabili ahalko dutela instalazioa. Aldez aurretik rokodromoan izena emanda zeudenek nahikoa izango dute udaletxetik pasatzea eta txartela aktibatzea. Erabiltzaile berriek udaletxetik pasatu beharko dute, derrigorrezko inprimakia bete eta fidantza ordaindu. Behin hori eginda, rokodromoa erabili ahal izateko giltza jasoko dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top