Otsailaren 25ean izango da, 18:30ean, Txanporta Kultur Etxean

ABADIÑO | Udalak egindako agintaldi erdiko balorazio inkestan, etxebizitza izendatu zuten herritarrek udalerriko kezka nagusi gisa. Legegintzaldi honen hasieran, Udalak, Abadiñoko metabolismo demografikoaren diagnosia egin zuen, eta, bertan, etxebizitzaren inguruko hainbat beharrizan eta ondorio identifikatu ziren.
Ordutik hona Udalak hainbat neurri hartu ditu arazo horri irtenbide bat emateko: ordenantza bat prestatu da zenbait lokal etxebizitza bihurtzeko, HAPOaren lanketa egin da Abadiñorako etxebizitza eskaintza handitzeko, aukera emanez baserrietan lau etxebizitzataraino egiteko, eta berrikusten ari dira alokairua ordaintzeko dirulaguntzen ordenantza, beste kontu batzuen artean. Horrez gain, duela egun gutxi, Udalak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin alokairu publikoko 84 etxebizitza eraikitzeko hitzarmenaren dokumentua adostu zuen.
Oraingo honetan, beste pauso garrantzitsu bat eman du Abadiñoko Udalak: Etxebizitza Plana egiteko prozesua abiatu du, etxebizitzaren arloan dauden erronka eta beharrizan nagusiei modu integralean, koordinatuan eta errealistan erantzuteko helburuarekin.
Planak herritarren lehentasunak izango ditu oinarri, baita azken urteetan egindako metabolismo demografikoaren diagnosi sakonak markatutako norabidea ere.
Ildo horretan, udalak herritarrei zuzendutako aurkezpen saio irekia antolatu du, prozesuaren nondik norakoak azaltzeko eta lehen ekarpen orokorrak jasotzeko.
Hitzordu honek, informazioa partekatzeaz gain, herritarren beharrak, kezkak eta proposamenak identifikatzeko balio izango du, etorkizuneko planaren oinarriak modu partekatuan lantze aldera.
Azken urteetan egindako metabolismo demografikoaren azterketak agerian utzi du Abadiñok datozen urteetarako etxebizitza-politika eguneratu eta bateratu baten beharra duela. Besteak beste, honako joera eta erronkak identifikatu dira: biztanleriaren zahartzea, gazteen emantzipatzeko zailtasunak, etxebizitza hutsen kontzentrazio espazializatua, alokairu-eskaintza eskasa eta udal sailen arteko
koordinazio beharra. Etxebizitza Planak errealitate horiei guztiei erantzun estrategikoa
ematea du xede.
Datorren otsailaren 25ean izango da aurkezpen irekia, 18:30ean, Txanporta Kultur Etxean. Abadiñoko Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu saioan parte hartzera, udalerriko etxebizitzaren etorkizuna elkarrekin pentsatu eta eraikitzeko lehen urrats garrantzitsu honetan.
Udal gobernuaren hitzetan: “Sinistuta gaude hartu ditugun neurriak lagundu egin dezaketela gure herriko etxebizitza arazoa konpontzen, eta aurrera begira lanketa hori sakontzen jarraitu nahi dugu, erronka eta beharrizan nagusiei modu integral, koordinatu eta errealistan erantzuteko. Aditu, teknikari, udal talde eta herritarrekin elkarlanean arituz etxebizitza arloan dauden helburuak eta tresnak identifikatu eta ekintza plana diseinatuko dugu”.


