DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok lokal komertzialak etxebizitza bilakatzeko ordenantza onartu du

Gune komertzialak ez diren eremuetan bizilekuak eraikitzea ahalbidetuko du ordenantza honek

ABADIÑO | Etxebizitzaren inguruan egindako diagnosiak agerian utzi du Abadiñon Etxebizitza Plan baten beharra dagoela. Udala horretan sakontzen ari da azken hilabeteetan, eta, pixkanaka, aurrerapausoak eman ditu. Izan ere, haren arabera, 419 etxebizitza eskaera egin dituzte abadiñarrek azken urtean Etxebiden. Horietatik 301 alokairuan bizitzeko eskariak izan dira, eta lau eskaritik bat 36 urtetik urtetik beherako herritarrenak. Horrez gainera, udalerrian 429 etxebizitza huts daude.

Egoera horri irtenbidea emateko asmoz, lau lan-lerro zehaztu zituen Abadiñoko Udalak diagnosia aurkeztu zuenean. Lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko aukera aztertzea izan zen lan-lerro horietako bat, eta atzoko Osako Bilkuran ordenantza onartu zuten. Horren arabera, herriko eremu jakin batzuetako lokalak komertzioetarako erabiliko dira soilik, baina hortik kanpo daudenak, bizileku bihurtu ahal izango dira.

“Gune komertzialetatik kanpo, hainbat lokal huts daude herrian, eta horiei irtenbidea ematea da gure helburua, uste baitugu eraikita dauden guneak aprobatxatzea jasangarriagoa dela. Abadiñoko herritarrei etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea bermatu nahi diegu. Etxebizitza horiek babes ofizialeko etxeen baldintza berak izatea zen gure asmoa, salmentarako baldintzak mugatu ahal izateko. Horretarako, baina, beharrezkoa da HAPO berria onartzea. Ordura arte, beraz, pribatuak izango dira espazio horiek. Hala ere, kontuan hartuta Abadiño ez dela gune tentsionatu bat, eta babes ofizialeko etxeak salgai daudela, uste dugu epe honetan eraldatzen diren lokalak ez direla babes ofizialeko etxeak baino garestiago salduko”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.

Jose Luis Navarro Hirigintzako zinegotziak, bere aldetik, aspaldi hasitako lanaren emaitza dela adierazi du: “Alkate izan nintzeneko garaian abiatu genuen ordenantza hau onartzeko bidea, eta teknikoki eta juridikoki sakon aztertu ondoren, hasierako helburuak betetzea lortu dugu”.

Gainerako lan-lerroak

Lan-lerro horretatik harago, beste hiru proiektu ditu esku artean Udalak: etxebizitza hutsak merkaturatzea lortzea; baserriak lau etxebizitzara arte zatitzeko aukera HAPOan aztertzea; eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari Udalak dituen lursailak eskaintzea, hauetan alokairuzko etxebizitza publikoak eraiki ahal izateko. Azken horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri dira dagoeneko, eta Muntsaratzen eta Zelaietan dauden hiru lursailetan 130 etxebizitza eraikitzeko konpromisoa hartu dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top