DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok egoiliarrentzako aparkalekuen erabilerak zehaztu ditu

Maiatzaren amaieran hasiko da eta herrian matrikulatutako ibilgailu guztiek aparkatu ahal izango dute doan

Mikel Urrutia eta Edurne Maguregui.

ABADIÑO | Traña-Matienako aparkalekuaren problematikari konponbidea emateko asmoz, egoiliarrentzako aparkalekuak jartzeko proba pilotua abiatuko du Udalak. Proba maiatzaren amaieratik 2026ko urtarrilaren 1era arte egongo da indarrean eta udalerrian matrikulatutako ibilgailu guztiek aparkatu ahal izango dute gune horietan.

Baldintzak betetzen dituen herritar bakoitzari etxera iritsiko zaio autoan jartzeko pegatina, eta, horrekin batera, baita aparkalekuen inguruko informazioa ere. Doakoa izango da. Bestalde, salbuespenezko kasuetan, herritarrek behin-behineko baimena eskatu ahal izango dute Udalean. Besteak beste, ohiko ibilgailua matxuratzen denean, senideren baten zaintza lanak egin behar dituztenean edota renting edo leasing autoak dituztenak ohiko gidariak direla demostratzen denean.

Horietatik harago, Traña-Matienako etxe zein saltokietan zerbitzuak eskaintzen dituzten horiek ere aparkatu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 8:00etatik 14:00ak bitarte.

“Traña-Matienako aparkalekuaren problematikari konponbidea ematea da gure helburua. Aparkaleku bat eraikitzeko proiektua eta lurren lagapena kudeatzen ditugun bitartean, egoera hobetzeko erabakiak hartu behar izan ditugu. Denborak esango du zerk funtzionatzen duen eta zer hobetu daitekeen; beraz, proba pilotuaren ondoren, herritarrekin elkarlanean hartu beharko ditugu erabakiak, orain arte egin dugun bezala”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak.

Komertzioari bultzada

Auzoko komertzioei eta ostalariei bultzada emateko asmoz, egungo TAO sistema Zubibitarte eta Trañaetxoste kaleetara zabalduko dute: gehienez, ordubetez aparkatu ahal izango da eremu horietan, doan. Era horretako hamabost bat aparkaleku jartzea aurreikusi dute.

Era berean, auzoko komertzioetako langileek zein ostalariek beraien jarduerari lotutako ibilgailuak egoiliarrentzako aparkalekuetan aparkatu ahal izango dituzte, lanean ari diren bitartean.

“Beste herrietatik datozenek zein Abadiñoko herritarrok badakigu zeinen garrantzitsua den merkataritza eta ostalaritza Abadiñorentzat. Aparkalekuen berregituratze honetan, xehetasun guztiak izan ditugu kontuan, inorentzat eragin negatiborik izan ez dezan. TAO guneak Zubibitarte eta Trañaetxostera hedatzeak auzoko txandatze-sistema eta irisgarritasuna hobetuko duelakoan gaude. Aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu Traña-Matiena auzo bizi eta dinamiko bat izan dadin eta askotariko zerbitzuak eskaini ditzan”, esan du Edurne Maguregi alkateordeak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

preload imagepreload image