DOT Durangaldea

Abadiñok Babes Zibileko Udal Plana dauka dagoeneko

Datozen hilabeteetan, herritarrentzako eta bolondresentzako formakuntza saioak eskainiko dira

Plan hau Zuzentzailea da, eta Euskadiko Babes Zibileko Planaren jarraibideei jarraitzen die

ABADIÑO | Abadiñoko udalbatzak aho batez onartu du Babes Zibileko Udal Plana, azken urteotan eguneratu gabe egon ostean. Udalerriarentzat gakoa den tresna horrek, babes zibilaren prebentziorako, larrialdiei aurre egiteko eta kudeaketarako esparru legala, teknikoa eta operatiboa ezartzen ditu. Europako, Espainiako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Bizkaiko Lurralde Historikoko araudira egokituta dago. Datozen hilabeteetan, herritarrentzako eta bolondresentzako formakuntza saioak eskainiko ditu
Udalak.

Plan hau Zuzentzailea da, eta Euskadiko Babes Zibileko Planaren jarraibideei jarraitzen die. Udalerri barruko larrialdietan esku hartzeko prozedurak eta antolaketaegitura eratzea da helburua, eta, boluntarioen bidez, laguntza berehala emateko tokiko taldeak antolatzea. Gainera, herritarren arteko autobabesa sustatzen du, udalerriko arriskuak eta elementu kalteberak identifikatzen eta aztertzen ditu, hautemandako arriskuak murrizteko prebentzio-neurriak definitzen ditu, arriskuei eta babes-neurriei buruzko informazioa eta kontzientzia ematen dizkie herritarrei, eta koordinaziosistemak
ezartzen ditu Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planarekin eta goi-mailako planak zuzentzeko eta koordinatzeko zentroekin.

Ikuspegi praktiko batekin diseinatu da Plana, prebentzioaren eguneroko kudeaketara eta larrialdien aurreko erantzun operatibora bideratuta. Horretarako, Udaleko arlo guztiek era koordinatuan lan egingo dute.

Planak eranskin bat du amaieran, eta, bertan, hainbat larrialdi-motatarako jardueraplan espezifikoak jasotzen dira: hiriko eta basoko suteak, uholdeak, industria-jarduera arriskutsuak, salgai arriskutsuen garraioan edo garraio publikoan izandako istripuak, lur-irristatzeak, ekitaldi handiak, ikuskizunak eta jolas-jarduerak, bai eta muturreko meteorologia-egoerak ere, hala nola haize bortitzak, bero-boladak, izozteak edo elurteak, eta desagertutako pertsonak bilatzea. Eranskin horietako bakoitzak jardueraprotokolo zehatzak ditu, udalerriaren errealitatera egokituta daudenak, edozein larrialdiren aurrean erantzun azkarra eta eraginkorra bermatzeko.

“Plan hau giltzarria da bizilagun guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko. Plan honekin larrialdiei aurre egiteko eta horiei erantzuteko gaitasuna indartzen dugu, herritarrekin modu koordinatuan eta hurbilean lan eginez”, adierazi du udal gobernu taldeak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top