DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok alebin mailako nesken futbol taldea izango du datorren denboraldian

Datozen egun eta asteetan hainbat saio antolatuko dira proiektuaren berri emateko

Astola zelaiaren irudia.

FUTBOLA | Datorren denboraldiari begira, urrats garrantzitsua emango du Abadiñok kirolean ere berdintasunera iristeko bidean. Izan ere, Abadiñon alebin mailako nesken futbol talde bat osatuko da 2025/2026 denboraldiari begira. Egun, 50 bat neska abadiñar ari dira futbolean, baina eskualdeko beste talde batzuetara joan behar izan dute jokatzera, Biak Bat edota Durangoko Ezkurdi KT-ren taldeetara gehienbat. Azken urteetan, Biak Bat taldeak Abadiñon jokatzeko aukera izan du, eta datorren urteari begira, Abadiñoko hainbat boluntarioren ekimenetik, Abadiñon Kirol Elkartearen eta Udalaren laguntzarekin, herrian talde bat osatuko da. Taldeak benjamin mailako gazteak ere hartzeko gaitasuna izango du.

Taldeen eraketarako, hainbat saio antolatuko dira datozen egun eta asteetan proiektua ezagutarazteko. Alde batetik, martxoaren 12an, arratsaldeko 17:00etan, egitasmoaren azalpena eskainiko da Traña-Matienako eskolan, guraso elkarteen bidez, eta gauza bera egingo da astebete beranduago, hilak 19, 17:00etan ere bai, Zelaietako eskolan. Horrez gain, apirilaren 2an eta 9an ate irekien jardunaldiak antolatuko dira Astolako futbol instalakuntzetan. Helburua interesa duten gazteek bertaratzea eta bertako instalakuntzak eta eskainiko zaizkien baliabideak ezagutzea da.

Rafa Bilbao Kirol zinegotziaren hitzetan, “ezinbestekoa du pausu hau ematea Abadiñok. Neska gazte futbolari asko dago herrian, eta herrian talde bat eratzeko indartsu gaudela ikusi dugu boluntario taldeak, kirol elkarteak eta Udalak. Espero dugu datozen bost urteetara begira talde gehiago sortu ahal izatea, epe horretan kadete mailako talde bat eratzeko erronka jarri dugu, hain zuzen”.

Naiara Bildosola Berdintasun zinegotziak nesken futbola indartzeaz hitz egin du: “Biak Bat taldearen proiektua Abadiñora ekarri genuen moduan, herriak baliabide hauek eskaintzea garrantzitsua da gizarte feminista bat izateko bidean. Gizartea emakume futbolari erreferenteak sortzen ari da, eta Udaletik bultzada eman behar diogu emakumea, kirol guztietan legez, futbolean ere erdigunean egon dadin”.

Herriko neska futbolarientzat aukera

June Otero, Nahia Marquez eta Lucia Royuela jokalari eta entrenatzaile abadiñarrak dira. Eurek izan zituzten aukeren eta proiektu berriaren inguruan hitz egin dute: “Txikitatik futbolzaleak izan gara. Orain 17-18 urte ditugu, baina hasieran, kanpora joan behar izan ginen, gure herrian ez zegoelako nesken futbol talderik. Horregatik, gure helburua da Abadiñon 7-10 urteko neskek etxetik gertu jolastu ahal izatea

futbolean, herrian talde bat izanik. Hau guztia emakumeek osatutako egitura baten eta emakumeek kudeatutako eredu baten inguruan izango litzateke, non baloreak eta ideiak emakumeek transmititutakoak izango diren.

Abadiño Kirol Elkarteko kideek beso zabalik hartu zuten proiektua: “Udala eta boluntario taldea proposamenarekin hurbildu zirenean ez genuen zalantzarik izan, proiektu honen parte izan gura genuen. Denon artean proiektu erakargarri bat egiteko asmoa dugu. Boluntario taldea klubaren parte izatera pasatuko da eta klubetik gure esperientziarekin aurrera eramateko gogotsu gaude. Denon artean Abadiño Kirol Elkartea indartzeko eta hobetzeko asmoarekin lan egingo dugu”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top