Udalak LED argi berriak jarriko ditu Traña-Matienan eta Muntsaratzen, eta irisgarritasuna indartuko du Solokoa 1-3 inguruan

ABADIÑO | Abadiñoko Udalbatzak, uztaileko Osoko Bilkuran, 216.268,71 euroko ezohiko diru-partida onartu du udalerriko segurtasuna, irisgarritasuna eta espazio publikoaren kalitatea hobetzeko helburuarekin. Inbertsio honek bi lan-ildo nagusi izango ditu: argiteria publikoa berritzea eta Solokoa 1-3 ingurunea urbanizatzea.
Alde batetik, 120.000 euro bideratuko dira Traña-Matienako Erezena eremuan eta Muntsaratzeko Kamiñopean LED teknologia duten argi berriak instalatzeko. Proiektu honen helburu nagusia oinezkoen segurtasuna indartzea eta eraginkortasun energetiko handiagoa lortzea da, azken urteotan Zelaietan, Gaztañodin ala Pino plazan egindako lan ebolutiboari jarraipena emanez. Lanak finantzatzeko, Udalak 56.000 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailetik.
Bestalde, Osoko Bilkurak 96.268,71 euroko plana onartu du Solokoa 1-3 ingurua urbanizatzeko. Jarduketa honen bidez, eremu horretako irisgarritasuna eta oinezkoen pasabideak hobetuko dira, herritarren joan-etorriak erraztuz eta gunea ingurune eroso eta seguruago bihurtuz.
Inbertsio berri hauekin, Abadiñoko Udalak herritarren egungo beharrei erantzuna ematen jarraitzen du, herriko espazio publikoak modernizatuz, segurtasuna kudeatuz eta udalerri irisgarri zein jasangarriago bat eraikiz.


