Udalak eta Eusko Jaurlaritzak prestutasuna adierazi dute datozen urteetan hiru lursail publikoetan 130 etxebizitzara arte eraikitzeko

ABADIÑO | Joan den otsailean gobernu talde abadiñarrak udalerriko metabolismo demografikoaren azterketaren eta etxebizitzaren diagnostikoaren emaitza nagusien berri eman zuen eta besteak beste 2040rako Abadiñon 179 etxebizitza sortzeko beharra aurreikusten zen. Testuinguru horren baitan, Udalak arreta berezia jarri du etxebizitzaren gaian, eta errealitate horri heldu dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin elkarlanean. Alde bien prestutasuna adierazi dute datozen urteetan Abadiñoko hiru lursail publikoetan 130 etxebizitzara arte eraikitzeko.
Lursail horiek Muntsaratzen eta Zelaietan daude, hirurak ere bata bestearengandik gertu Solozabal kalean barrena, SR-3, SR-4 eta UR-6 partzelak dira hain zuzen ere. SR-4 partzela, txakurrentzako gunearen ondokoa alegia, Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen Udalak 2008an hitzarmen baten bidez. Bertan, etxebizitza publikoak eraikiko zirela eta lehentasuna Abadiñarrek izango zutela adierazten zen. Arrazoi desberdinengatik, gaur egun arte ez da hitzarmena garatu eta eguneratu eta lehenbailehen martxan jartzeko konpromisoa hartu dute alde biek. Zehaztapenetan sartuta, sartzeko lehentasuna Abadiñarrek izango duten, alokairu publikoko 54 etxebizitza eraikitzea da helburua eta lanak 2027an hastea aurreikusten dute.
“Oso akordio garrantzitsua lortzen ari gara Abadiñorentzat Etxebizitza Sailarekin. Gizartearen beharrizan nagusietako bat da etxebizitzarena, eta alokairuzko etxebizitza publiko hauen bitartez, martxan jarri gura ditugun beste ekimenekin batera, aurrera pausoak ematen ari gara arazoari irtenbidea emateko.. Espero duguna da, Etxebizitza Sailetik 2027aren lehen erdian etxebizitza horiek eraikitzeko lanak abiatzea”, azaldu zuen Mikel Urrutia alkateak prentsaurrekoan.
Zentzu horretan, alde biek beste helburu bat ere partekatu dute: SR-4 lurzatiaren fasea amaitu ondoren, beste bi lurzatietan alokairuko 80 etxebizitza eraikitzeko hitzarmen bat sinatzea.
Etxebizitza dotazionalak
Etxebizitza horiez gain, lursail horietako lokaletan edota Abadiñoko Udalak bereak dituen lokaletan, etxebizitza dotazionalak egiteko aukera ere aztertu zuten, eta bi aldeek konpromisoa hartu zuten ahaleginak egiteko era honetako azpiegiturak beharrizan hori duten herritarrei eskaintzeko.
Jose Luis Navarro Hirigintza zinegotziak Etxebizitza Sailarekin izandako harreman onak eta etorkizuneko asmoak nabarmendu zituen: “Bilera sintonia onean joan zen, eta herrian etxebizitza gehiago izango ditugula berri pozgarria da Abadiñorentzat. Azterketa soziodemografikoak erakutsi digun bezala, etxebizitza-unitatea jaitsi egingo da, baina biztanle kopurua ez; horrek suposatzen du, etxebizitza gehiago behar direla, eta akordio hau lan lerroko lehen pausoa da. 50 urte baino lehenago eraikitako baserriak etxebizitza gehiagotan banatu ahal izatea, ordenantza berritzearen bitartez, baldintza batzuk betetzen dituzten lokalak etxebizitza bihurtu ahal izatea dira hurrengo pausoak”.
Bestalde, Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak etxebizitza sozialak edukitzearen garrantziaz berba egin zuen: “Ezinbestekoa da laguntza behar duen pertsonari, indarkeriaren baten biktima izan denari edota egoera zaurgarrian dagoenari aukera bat eskaintzea Udaletik. Etxebizitza sozialek funtzio hori dute, eta abadiñarrei babesa eta konponbide bat eskaini ahalko diegu”.
Bukatzeko, Eider Ajuria Gazteria zinegotziak herrian emantzipatu ahal izatea “oinarrizkoa” dela deritzo: “34 urtera arteko gazteen %30 besterik ez da emantzipatu. Horrez gain, emantzipatu diren ugari inguruko herrietara mugitu behar izan da. Gazte horien gurasoek eta aitona-amonek emantzipatzeko aukera gehiago zituzten. Udaletik, abadiñar gazteak herrian geratzeko aukera izateko helburua dugu, eta etxebizitza berri horien bitartez, aukera zabalagoa izango dute gazteek Abadiñon bizitzeko”, laburlbildu zuen.