Apirilaren 16ra arte, 16 urtetik gorako herritarrek eta udalerrian erregistratutako elkarteek aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak

DURANGO | Pasa den martxoaren 5ean Udalak ‘Auzoekin Batera’ ekimenari ekin zion eta horren baitan 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen edizio berria jarri du martxan. Ekimen honek herritarrei aukera ematen die 600.000 euro zertan inbertitu zuzenean erabakitzeko eta datorren apirilaren 16ra arte, Durangon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek eta udalerrian erregistratutako elkarteek aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak partehartu.durango.eus plataformaren bidez.
Prozesu honetara bideratuko den zenbateko guztia, sei auzoen artean modu ekitatiboan banatuko da. Hau da, auzo bakoitzak 100.000 euro izango ditu herritarrek proposatutako eta bozkatu dituzten proiektuak garatzeko. Zentzu horretan auzoak eta auzo bakoitzean sartzen diren eremuak honako hauek dira:
- San Roke: Aramotz, Alluitz, Ask. Etorbidea, Errotaritxuena, Larrinagatxu, Santa Lucia, Momotxo.
- San Fausto: San Fausto.
- Landako: Muruetatorre, Ibaizabal, Landako, MatxinesTarta, Ollería.
- Madalena: San Ignacio, Ermoto, Sasikoa, Mikeldi, Oiz, F.J, Zumarraga, L. Agirre.
- Erdialdea: Alde Zaharra, Ezkurdi, Kurutziaga, Montevideo, Barandiaran, Antsoestegiz, J. Itziar, J.M. Altuna, Astarloa, Monagotorre.
- Tabira: Eguzkitza, Zumar, Arriluzea, Intxaurrondo, Zubiaurrea, Tabirabide, Gasteiz Bidea, Artabila.
Proposamenek udal arlo ezberdinekin lotura izan behar dute, hala nola kultura, kirola, mugikortasuna, ingurumenaren babesa, berdintasuna, hiri-plangintza edo garapen ekonomikoa. Horrez gain, udal-teknikariek proposamen bakoitzaren bideragarritasuna aztertuko dute bozketa fasera igaro aurretik.
“Garrantzitsua da gogoratzea pertsona bakoitzak auzo bakoitzeko proposamen bakarra aurkeztu ahal izango duela, eta proposamen bakoitzak eskaera bakarra izan beharko du. Proposamen berean hainbat eskaera sartuz gero, baztertu egin daiteke”, adierazi dute gobernu taldetik.
Jasotako proposamenak maiatzaren hasieran argitaratuko dira udalaren webgunean, eta Udaleko teknikariek aztertu ondoren, ekainean behin betiko zerrenda argitaratuko da eta herritarren bozketa egingo da.
Bozketan boto gehien jasotzen dituzten proiektuak udal-aurrekontuan sartuko dira eta 2026tik aurrera gauzatuko dira. Gardentasuna bermatzeko, Udalak aurkeztutako proposamen guztiak biltzen dituen txosten xehatua argitaratuko du, aukeratutakoak eta baztertutakoak zergatik izan diren adieraziz.
Prozesuari, oinarriei eta faseei buruzko informazio osoa eskuragarri dago partehartu.durango.eus webgunean. Argibide gehiago nahi izanez gero, deitu 946 030 000 zenbakira. Gainera, proposamena aurkezteko laguntza behar dutenek Herritarren Arretarako Zerbitzura (SAC) jo ahal izango dute.
Durangoko Udalak herritar guztiak parte hartzera animatzen ditu, beren ideiak aurkeztera eta udalerria hobetzen lagunduko duten proiektuetan bozkatzera.