Ekimena otsailaren 6tik 23ra ospatuko da eta tortillak ostegunetik igandera egongo dira dastatzeko.
DURANGO | Ostalaritza sektorea dinamizatzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko helburuarekin, Udalak, Dendak Bai elkartearekin lankidetzan, Durangoko Patata Tortillaren I. Lehiaketaren nondik norakoak ezagutzera eman ditu. Ekimen gastronomiko horretan herriko 17 ostalarik hartuko dute parte eta otsailaren 6tik 23ra gauzatuko da.
“Udalak tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko lanean jarraitzen du, gure taberna eta jatetxeetan kontsumoa sustatzeaz gain, Durangoren nortasun gastronomikoa indartzen ere laguntzen duten ekimenen bidez. Patata-tortilla gure sukaldaritzako plater enblematikoa da, eta lehiaketa honek gure ostalariek eskaintzen dituzten interpretazio desberdinak ezagutzeko eta gozatzeko aukera emango digu. Ziur nago parte-hartzaileen sormenak eta talentuak epaimahaia eta publikoa harrituko dituztela”, adierazi du Jesica Ruiz Durangoko Udaleko alkate ordea eta Merkataritza zinegotziak.
Kurutzesantu Museoan egin de aurkezpen ekitaldian, Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidentea eta lehiaketan parte hartuko duten hainbat ostalarik ere parte hartu dute, horien artean Ibon eta Egoitz Carreto (Batzoki), Patxi Ocaranza (Les Villes eta Txo) eta Victor Ospina (Arripu). “Funtsezkoa da tokiko ostalaritzari ikusgarritasuna ematea, eta horrelako ekimenek hori lortzen laguntzen dute. Dendak Bai elkartetik herritarren parte-hartzea sustatzen duten eta Durangoko gastronomiari balioa ematen dioten proposamen guztiak babesten jarraituko dugu”, gogoratu du Alex Palaciosek.
Lehiaketari dagokionez, Durangok bere lehenengo Patata Tortilla Lehiaketa egingo du otsailaren 6tik 23ra ospatuko da, eta tortillak ostegunetik igandera egongo dira dastatzeko, ordutegi hauetan: ostegun eta ostiraletan 19:30etik 22:00etara, larunbatetan 12:00etatik 15:00etara eta 19:30etik 22:00etara, eta igandeetan 12:00etatik 15:00etara.
Establezimendu bakoitzak patata-tortilla bakarra aurkeztu ahal izango du, eta arrautzak, patatak eta gatza izan beharko ditu nahitaez. Tipula aukerakoa izango da, eta parte-hartzaile bakoitzak egokitzat jotzen dituen osagaiak gehitu ahal izango ditu bere ukitu pertsonala emateko. Tortilla pintxo formatuan edo establezimenduak aukeratutako beste edozein aurkezpenetan zerbitzatu ahal izango da.
Bozkatzeko sistema eta sariak
Lehiaketak bi sari-kategoria izango ditu. Alde batetik, epaimahai profesional batek tortillak ebaluatuko ditu, zaporea, gatz puntua, tenperatura eta aurkezpena bezalako irizpideetan oinarrituta. Epaimahaiaren arabera, tortilla onenak 900 euroko saria jasoko du.
Bestalde, publikoak tortilla onenaren aukeraketan parte hartu ahal izango du, parte hartzen duten tabernetako postontzietan botoa emanez. Herritarrek gehien bozkatzen duten tortillak 500 euroko saria jasoko du. Gainera, herri bozketan parte hartzen duten guztien artean 100 euro zozketatuko dira.
Parte hartzen duten establezimenduen zerrenda
- Leku Berri
- Batzoki
- Les Villes
- Txo
- Arripu
- Xixilu
- Pol Pol
- Alex
- Txukun
- Lupetza
- Bowie
- Kale Kantoi
- Mikeldi
- Urrats
- Gora Gora
- Pausta
- Bodegón Landako
Sari banaketa otsailaren 26an izango da, 12:00etan, Kurutzesantu Museoan. Ekitaldian, irabazleak zein diren jakinaraziko da, eta lehiaketaren bigarren zatia ezagutzera emango da. Hain zuzen ere, otsailaren 27tik martxoaren 16ra egingo den gilda sariketa.