DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebietako herritarrek oso ondo baloratzen dute udalerria eta haren bizi-kalitatea

Herritarren arreta zerbitzua (HAZ), egindako eta abian jarritako obrak eta segurtasuna nabarmentzen dira zornotzarrek ondoen baloratzen dituzten alderdi gisa

Amorebietako Udalak egindako inkestaren emaitzak

AMOREBIETA-ETXANO | Berriki, Amorebieta-Etxanoko Udalak gogobetetze-inkesta bat egin du Gizaker Social Survey and Public Opinion Experts-en bitartez, zornotzarrek udalerriko hainbat alderdiri buruz duten pertzepzioa ezagutzeko eta, modu horretara, udalerria etengabe hobetzen jarraitzeko eta herritarren eskaera eta beharrei erantzun zuzena emateko. Ekimen horri esker, herriaren inguruan zornotzarren lehentasunen, beharren eta ikuspegi orokorraren inguruko informazioa jaso ahal izan du Udalak.

Informazio horri erreparatuz, zornotzarrek oso balorazio ona egin dutela erakusten dute emaitzek. Izan ere, Amorebieta-Etxanok 8,5eko batez besteko nota lortu du bizileku bezala, bizi kalitatea eskaintzen duen herri gisa sendotuz. Gainera, azterlanean parte hartu duten pertsonen % 48,3k azken urteotan udalerria nabarmen hobetu dela diote, bereziki hirigintza-jarduerak nabarmenduz eta Udalaren lan ona islatuz. Udalaren egungo kudeatzaileen lanarekin 7,10eko asebetetzea azaldu dute zornotzarrek.

Obrak eta azpiegiturak: herritarrek bereziki baloratuak
Orain gutxi egindako obren artean, Kaitanako igogailuak, Zelaietako jolas-gune estaliak, herria Iurretarekin lotzen duen bizipistak eta Zubikurtze, Zubipunte eta Zubizabala lotzen dituen oinezkoentzako ibilbideak, batez beste, 8,14ko balorazioa jaso dute; horrek bistako egiten du herritarrek proiektu hauekiko duten onarpen edota asebetetze maila altua.

Martxan dauden proiektuei dagokienez ere, espektatibak positiboak dira. Jauregizahar auzoaren berrurbanizazioa, Urgozo kiroldegiaren eraikuntza, El Carmelo Parkea edo Erletxes-Larrabetzura doan bizipista bezalako ekimenek 7,5etik gorako nota jaso dute, ekintza horiek herritarren premiekin lerrokatuta daudela erakutsiz.

Herritarren Arreta Zerbitzuak (HAZ) udal izapideak kudeatzeko zornotzarrei eskaintzen dien arretak balorazio altua jaso du, 7,27 puntukoa, hain zuzen.  Udal zerbitzuei dagokienez, kaleen garbiketa eta zaborren zein hondakinen kudeaketa izan dira baloraziorik onena jaso duten zerbitzuak, eta kirol alorrak, trafikoak eta argiztapenak ere kalifikazio ona lortu dute.

Bestalde, herritarren segurtasuna da zornotzarren nabarmendu duten beste alor bat, azterlanean parte hartu dutenen % 83,5ek Amorebieta-Etxano udalerri segurua dela erantzun baitute.

Erronkak eta beharrak
Emaitzak positiboak badira ere, hobetzeko arloak ere identifikatu ditu azterlan honek. Horiei jarraiki, aparkaleku eza eta etxebizitza-beharrak dira etorkizunera begirako erronka nagusiak. Alderdi horiek bat datoz azken urteotan antzemandako beharrekin, eta Udalak eskaera horiei irtenbide zehatzak bilatzeko duen konpromisoa berresten dute.

Alkatearen hitzetan, “inkesta hau udal-jardueren eragina ezagutzeko eta etorkizuneko esku-hartzeak lehenesteko funtsezko tresna da. Jasotako datuei esker, Amorebieta-Etxano etengabe hobetzeko lan egiten jarraituko dugu, zornotzarrentzako segurtasuna, bizi-kalitatea eta garapen iraunkorra batzen dituen herria izan dadin”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top