DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebieta-Etxanok adinekoen segurtasuna indartu du Gabonetan

Horretarako, Udalak, Ertzaintzarekin elkarlanean, adinekoei zuzendutako hitzaldi informatibo bat antolatu du abenduaren 12an, 17: 00etan, Nafarroa Zentroan

Hitzaldia abenduaren 12an izango da, 17: 00etan, Nafarroa Zentroan

AMOREBIETA-ETXANO | Gabon garaian, ugaritu egiten dira lapurretak eta iruzurrak eta horren aurrean, Amorebieta-Etxanoko Udalak segurtasunari buruzko informazio-hitzaldi bat antolatu du, udalerriko adinekoei zuzenduta. Izan ere, kolektibo hori kaltebera da horrelako egoeren aurrean. Hitzaldia abenduaren 12an izango da, 17: 00etan, Nafarroa Zentroan, eta helburu izango du adinekoei arrisku egoerei aurre egiteko tresnak eskaintzea.

Hala, jardunaldia, Ertzaintzarekin elkarlanean antolatuta, adinekoei etxean zein bide publikoan lapurretak saihesteko ezagutza praktikoak emateko diseinatu da. Hitzaldian zehar, parte-hartzaileek arriskuak identifikatzeko jarraibideak jasoko dituzte eta arretaz jokatzen ikasiko dute, batez ere Gabonetako erosketak egin edo kutxazainetan dirua ateratzeko uneetan.

“Gure adinekoen segurtasuna lehentasunezkoa da Udalarentzat eta horregatik, funtsezkoa da Eguberri lasaiak izan ditzaten eta festez goza dezaten babestuta egoteko beharrezko tresnak eskaintzea”, azaldu du Ainhoa Salterain alkateak. Iazko hitzaldiaren esperientzia positiboaren ondoren, aurten jarraipena emango dio Udalak kanpaina honi eta jende gehiagok parte hartzea espero du.

Tokiko merkataritzarekin lankidetzan, segurtasunaren arloan

Horrez gain, Amorebieta-Etxanoko Udalak segurtasun-kanpaina bat egingo du tokiko saltokiekin, lapurretak saihestu eta jaietan segurtasuna indartzeko. Horretarako, lapurretak prebenitzeko kanpaina bereziak egingo dira, salaketak jartzeko prozesuaren garrantzia azpimarratuko da eta tokiko saltokien eta Udaltzaingoaren arteko harreman zuzena eta azkarragoa sustatuko da.

Udaltzaingoaren presentzia handiagoa gune nagusietan

Horretarako, Udalak segurtasuna indartuko du udalerrian eta udaltzainen presentzia areagotuko du jende pilaketa handiko eremuetan, prebentzio-neurri gisa. Hala, segurtasun arloko ekintza hauekin guztiekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak helburu du herritar guztiei eta, bereziki kolektibo zaurgarrienei, ingurune seguruagoa eskaintzea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top