DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Iurretan bertoko euskara eta erreferentzia literarioa biltzen dituen liburua aurkeztu da

‘Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak’ Durangaldeko ondare literarioaren bilduma izango denaren lehenengo alea da

Liburuaren aurkezpena Iurretan
Liburuaren aurkezpena Iurretan

IURRETA| Iurretan ‘Iurretako berbeta eta literatura:sator hegalariak’ izeneko liburua aurkeztu da Xabier Boveda eta Joseba Sarrionandia editore eta Pamiela argitaletxeko Lander Majuelorekin batera.

Auzolanean eginiko liburuaren abiapuntua hasiera baten Iurretako eta Durangaldeko testu zaharra biltzea zen baina Joseba Sarrionandiak azaldu duenez «ideia da lokaltasunetik bertoko erreferentzia literarioak eta euskararen erabilera berrerakitzea».

Orain dela bost urte hasi ziren proiektu honekin eta harrezkero Iurretako ondare literarioaren inguruan bilduma lan izugarria egin dutelarik. Iurretako alkatea den Oskar Kokak azaldu duenez «liburu bera ere altxorra da, bertan gure herriko Kultur ondarearen zati bat jasotzen delako eta guretzat garrantzitsua da gure kultura-ondarea berreskuratzea, mantentzea eta kontserbatzea, eta argi daukat lan honekin hori lortzen dugula»

Iurretako Udalak ondare literarioa sustatzeaz gain, hurrengo urteetan zehar Durangaldeko ondare literarioa jasotzea eta ezagutaraztea helburu izango duen bildumaren lehenengoa aurkeztea tokatu zaio eta martxan daude Zaldibar, Garai, Atxondo edota Abadiñoko aleak ere. Auzolanean lan egin duten Durangaldeko hainbat boluntario, eskualdeko hizkuntzaren eta literaturaren historia lokala errekuperatu nahian batu dira, baina imajinatzen zutena baino altxor handiagoa aurkitu dute.

Abesti zaharrak, ipuin miresgarriak, gerraurreko prentsako kronika lokalak, XX. mendeko ahozko testigantzak, eta idazle ezezagunen testuakLiburuan zehar ikusi daitekeen bezala Iurretako paisaia literarioarentzat esanguratsuak diren gai, pertsonai eta testuak jasotzen dira. Edozein euskaldunek irakurtzeko moduko liburua da, baina interes berezia du Iurreta zein ingurukoentzat.

Iurretak hainbat ale eskuratuko ditu proiektuari bere ekarpena egiteko eta liburuari berari bizia eman nahi dio zenbait ekintza antolatuz egileen parte-hartzearekin batera, horrela, asmoa eta erronka liburuko edukiak dinamitzazea da, herritarrengana hurbilduz eta liburuari balio erantsia emanik.

Hori dela eta abenduaren 17an aurkezpen didaktikoa izango da liburuko egileekin Ibarretxe Kultur-Etxeko Areto Nagusian, eta Iurretako eskoletako irakasle, ikasle eta Bibliotekako irakurketa klubetako partaideentzat liburuko edukien lanketa tailerrak eskainiko dituzte egileek.

Bestalde, liburuan agertzen diren abestien kontzertua eskainiko da herriko eta Durangaldeko kantari eta musikariekin eta bibliotekak abian daukan Iurreta ezagutu programaren baitan bisita gidatuak antolatuko dira toponimiaz eta liburuan aipatzen diren beste gaien inguruan. Azkenik apirilaren 23an Liburuaren Eguna izanda irakurketa publikoa antolatu nahi da, bertan liburuko testuak irakurtzeko asmoarekin.

Gaur goizean hedabideen aurrean eginiko aurkezpena uzten dizuegu:

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top