DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

“Indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan jartzen dugu arreta”

Durangaldeak Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatuko du

Azaroaren 25eko omenaldia gaur goizean Durangon
Azaroaren 25eko omenaldia gaur goizean Durangon

DURANGO | Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, udalek gaitzespen irmoa adierazi dute indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta konpromisoa hartu dute beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko, indarkeria matxista desagerrarazteko.

Aurten, arreta jarri da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen baitira. “Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurrean erreakzio horrek hutsaldu egiten du emakumeen eta haien ingurunearen aurkako indarkeria. Eta are haratago doa, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko lege-aldaketek gizonak biktimizatzen dituztelako ustea bultzatuz “, nabarmendu dute.

Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa dagoen emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde – bai esparru legalean, politikoan, bai sozialean-, gaur egun joera neomachista gero eta handiagoa ari da nagusitzen, batez ere mutil eta gizon gazte eta adin ertainekoetan, eta arreta berezia jartzen dio eremu digitalari. “Manosfera izeneko espazioan, mezu misogino eta berdintasunaren aurkakoak ugari dira. Horrela, gazteek “indarkeriak ez duela generorik”, “asmakizun ideologikoa” edo berdintasun politikak “urrunegi” iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira, Duramgoko A25eko ekitaldian arduradun politikoek gaineratu dutenez.

Diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek oraindik ere gogorarazten dute gizarteak egiturazko arazo bat dakarrela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena.

Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunarekiko mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko, batez ere hedabide digitaletan.

Hori guztia kontuan hartuta, Durangoko Udala emakumeen aurkako indarkeria hutsaldu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertu da, eta konpromiso hauek hartu ditu:

● Euste-horma kolektiboa aktibatzea gure udalerrian emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta hutsaltzen duen edozein erreakzio matxistaren aurrean. Tokiko eragile guztiekin lan eginez, mezu horiei aurre egingo dien iritzi-giroa sortzeko. Zurrumurru misoginoei eta mezu ukatzaileei, jarrera bateratuei eta erantzun publiko eta kolektiboko protokoloei aurre eginez.
● Gazteei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak hartzea, egunero jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko, batez ere bitarteko digitalen bidez.
● Hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea eskola-komunitateari zuzendutako espazio formal eta informaletan, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.
● Sentsibilizazio-programak hobetzea herritarrekin, eta, bereziki, gurasoekin, irakasleekin eta hezkuntza-komunitatearekin, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruz.
● Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren arloko prestakuntza sustatzen jarraitzea udal-langileen artean.
● Herritarrei dei egiten diegu azaroaren 25ean Durangon emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela eta deitutako mobilizazioekin bat egiteko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top