Ateneoak bost proposamen hartuko ditu: Hilario Rodeiro Quintet, Enrico Crivellaro & Italian All Star, La Blues Company, Broken Salad eta Move Quartet
ELORRIO | Ostiral honetan, hilak 15, hasiko da Arriola antzokiak antolatutako Jazz Blues Jaialdien 35. edizioa. 20:00etan Hilario Rodeiro galiziarra buru duen boskotea igoko da Ateneoko agertokira. Nazioartean ospe handia duen musikariak Pausa lana aurkeztuko du boskote formatuan. Pop rock instrumentalaren, ganbera-musikaren eta jazz esperimentalaren artean mugitzen dira.
Hurrengo egunean, 22:00etan, gitarrista italiar bat arituko da, Enrico Crivellaro, nazioarteko agertokietan errespetuzko figura bihurtu dena, besteak beste, bluesarekiko sentimendu handia erakusten duelako. Jazza, swinga, zydekoa, countrya, gospela ere ederki menderatzen ditu.
Azaroaren 23an, 22:00etan, blues zaletuenek La Blues Company taldea entzuteko aukera izango dute. Ñaco Goñi harmonizista historikoa, Paul San Martín pianista, Edu Bighands eta Fernando Beiztegui gitarrista eta abeslariak eta Martí Elías bateria jotzailea daude proiektu honen atzean.
Broken Saladen ere gure herriko musikariak batzen dira. Hip-hop eta New Orleanseko brass-band taldeek kontzertua eskainiko dute azaroaren 28an, 21:00etatik aurrera. Euskaraz, wolof, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez abesteaz gain, jatorri, soinu eta identitate askotako musika proposamenak egiten adituak dira.
Eta programarekin amaitzeko, azaroaren 29an, 20:00etan, Ateneoak Move Quartet hartuko du. Laukoteak Momentum izeneko bere azken lana aurkeztuko du, tradizio jazzistikoa, klasikoa eta folklorikoa herri musika garaikidearekin nahasteko prest.