Bere izena daraman kalearen izendapenaren 70. urteurrenaren baitan, omenaldia azaroaren 9an izango da
AMOREBIETA-ETXANO | Datorren azaroaren 9an, Udal zornotzarrak omenaldia egingo dio Nemesio Bikandi udal musika bandaren sortzaileari eta herriko kultur bizitzan funtsezkoa den pertsona bati. Ekitaldi hau bere izena daraman kalearen izendapenaren 70. urteurrenarekin bat dator, 1954ko uztailaren 18an izendatu baitzuten bere omenez.
Omenaldia egunean zehar bi momentutan egingo da. Goizean, 11:45ean, udal musika bandak kontzertua eskainiko du Zelaieta parkeko kioskoan, eta kalejira hasiko da Nemesio Bikandi kaleraino. Bertan, ekitaldi bat egingo da bere legatuaren omenez.
Arratsaldean, 20:00etan, Zornotza Aretoan beste omenaldi bat egingo da, bere figura goraipatzeko. Bertan, garai bateko udal bandako kideek ere hartuko dute parte, besteak beste. Ekitaldi honetan, “Antzinako oroitzapenak” kontzertua eskainiko da, Bikandi omenduko duena musikaren bidez, Amorebieta-Etxanori utzitako ondare handienetako bat.
Gainera, urteurren honen baitan, Nemesio Bikandiri eskainitako erakusketa dago Zelaieta Zentroan. Erakusketa azaroaren 10era arte egongo da zabalik, eta, bertan, bere bizitza eta udalerriko historia musikalean izan duen eragina gehiago ezagutzeko aukera izango da.
«Nemesio Bikandik paper garrantzitsua izan zuen Amorebieta-Etxanoko kultur garapenean, eta haren ondareak presente jarraitzen du gaur egun ere. Omenaldi honen bidez, gure udalerriko bizitza musikalean egindako ekarpena aitortu nahi dugu eta etorkizuneko belaunaldiei ireki zien bidea eskertu. Gure komunitatearen alde egindako lana gogoratzeko eta baloratzeko unea da “, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Omenaldi hau, beraz, Bikandiren lan nekaezinaren errekonozimendua da, bere bizitza musikari eta kulturari eskaini baitzion, Amorebieta-Etxanoko ondareari modu esanguratsuan lagunduz.