DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok alokairurako laguntzak emateko araudia eguneratu du

Eskaerak egiteko epea bihar, osteguna, irekiko da eta azaroaren 22ra arte eskatu ahal izango dira

Laguntzak aurkezteko epea ostegun honetan hasiko da
Laguntzak aurkezteko epea ostegun honetan hasiko da

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak ostegunean irekiko du etxebizitza alokatzeko 2023. urteko laguntzak eskatzeko epea. Eguneratzeak egin dira laguntza horiek arautzen dituen ordenantzan, zehazki, 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako laguntzak (biak barne) sailkatzen dituen taulan. Izan ere, lanbide arteko gutxieneko soldata eta KPIren igoera hartu dira kontuan. Eskaerak egiteko epea bihar, osteguna, irekiko da eta azaroaren 22ra arte eskatu ahal izango dira. Eskatzaileen betekizunei dagokienez, horietako batzuk dira 3 urtez Abadiñon erroldatuta egotea eta, bizikidetza-unitatea pertsona batek osatzen badu, gehienez 20.413 euroko diru-sarrera izatea, edo gehienez 40.355 euro izatea bizikidetza-unitatea bi pertsonak osatzen badute.

Era berean, dirulaguntzaren baldintzetan ezartzen dira etxebizitzek bete beharreko baldintzak. Besteak beste, ezin dira babes ofizialeko etxebizitzak, subalkilerrak edo logelen alokairuak izan. Baldintza guztiak Udalaren webgunean daude eskuragarri. Onuradunek alokairuaren % 50erainoko laguntza izango dute, edo gehienez 250 eurokoa.

Etxebizitza Plana

Eguneratze horiez gain, Abadiñoko Udala, amaitzear dagoen azterlanaren bidez, Etxebizitza Planaren idazketan aurrera egiten ari da. Herriko metabolismo demografikoa eta etxebizitza-premia aztertzen ari dira, eta horrelako lanetan espezializatutako enpresa bat kontratatu dute. Etxebizitza Plana, besteak beste, gazteak edo etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonak emantzipatzeko prozesuetarako egingo da, Gobernu Taldeak Legealdiko Agendan ezarri zuen bezala. Udalaren helburuetako bat da laguntza horiek herritarrei luzamendurik gabe helaraztea eta onuradunek hilero eskuratzea.

Azterlanak hainbat puntu ditu. Alde batetik, analisi demografikoak eta sozioekonomikoak egin dira, biztanleriaren jarduera-tasa, langabezia-tasa edo okupazioa neurtuz. Bestalde, etxebizitza-premiari, etxebizitza hutsen kopuruari, merkatuari (alokairua eta erosketa) eta Abadiñoko etxebizitza-parkeari buruzko azterlanak egin dira.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top