XVI. mendean eraikitako eta 1937ko bonbardaketaren ondoren eraberritutako udaletxearen ondoan dago.
DURANGO | Durangoko Udalaren eraikina XVI. mendean eraiki zen, baina 1937ko bonbardaketan jasandako kalteen ondorioz eraberritu egin behar izan zuten.
Estilo klasikokoa da eta eragin napolitarrak ditu. Eraikinaren oinplanoa laukizuzena da eta bi solairutan eta ganbaran banatuta dago. Elizpea harlanduz egina dago, eta eraikinaren gainerakoa adreiluz eraiki zen.
Eraikuntza honen elementurik interesgarrienak fatxada nagusian daude. Beheko pisuan erdi-puntuko zazpi arkuko atari zoragarri bat dago eta, lehen solairuan, balkoi handi bat. Erdikoa nabarmentzen da. Pilastrek inguratzen dute eta erdian triangelu-formako frontoi hautsi bati eusten diote. Bertan, hiribilduaren armarria dago. Ganbarak zazpi leiho ditu.
Udaletxeko azken bi solairuak apaintzen dituzten pinturak deigarriak dira. Bertan arkitektura figuratuak, maitasun istorio txikiak, ehizaldiak… agertzen dira. Ignacio Zumarragaren rococo estiloko jatorrizko pinturen berreraikuntzak dira.