“Arazo nagusia da inguruko industrialdeetara lanera joaten diren pertsona batzuek bide hori erabiltzen dutela”, azaldu dute udal-iturriek.
ZALDIBAR | Zaldibarko Udalak debekatu egin die ibilgailu mota guztiei Goierri bidean. Horrela, hemendik aurrera auzotarrek bakarrik erabili ahal izango dute. Udalak auzoko bizilagunekin batera hartutako erabakiak haien segurtasuna bermatzea du helburu. Arazo nagusia da inguruko industrialdeetara lanera joaten diren pertsona batzuek bide hori erabiltzen dutela, abiadura eta segurtasun arazoak sortuz. “Auzotik kanpoko ibilgailuen zirkulazioa debekatzea erabaki du Udalak, bizilagunen beharrak entzun ostean. Abiadura eta segurtasun arazoak sortu dira auzo-errepidea gaizki erabili delako. Horregatik, hemendik aurrera, bide hori egoiliarrek bakarrik erabiliko dute», azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.
Salbuespen gisa, udal zerbitzuek, larrialdi zerbitzuek eta polizia zerbitzuek bakarrik erabili ahal izango dute bidea. Auzoko bizilagunei zerbitzua ematen dieten erabiltzaileek ere zirkulatu ahal izango dute.