DOT Durangaldea

Tabirakok hirugarren porrota jarraian jaso du, CB Arabaren aurka (68-59)

Durangoko taldeak lehen zatian pilatutako desabantaila murriztea lortu zuen atsedenaldiaren ostean, baina ez zuen markagailua iraultzerik izan

Partida hasieratik jarri zitzaien aldapa gora durangarrentzat.

SASKIBALOIA | Tabirako Baquéko emakumezkoen taldeak hirugarren porrota jarraian jaso zuen asteburuan, Gasteizen CB Arabaren aurka 68-59 galdu ostean. Lehen Maila Nazionalean lehiatzen den talde durangarrak, hala ere, hiru garaipen eta hiru porroteko balantzea du orain sailkapenean.

Partida hasieratik jarri zitzaien aldapa gora durangarrentzat. Etxekoek 19-12ko partziala lortu zuten lehen laurdenean, eta aldea handitu egin zuten atsedenaldira iritsi aurretik: 40-25. Bigarren zatian, ordea, Tabirakok erreakzionatu eta aldea murriztea lortu zuen, hirugarren laurdenaren amaieran 50-42ko emaitzara hurbilduz. Ahaleginak, ordea, ez ziren nahikoa izan garaipena lortzeko.

Errebotean izandako aldeak eta hiruko jaurtiketetako eraginkortasun eskasak baldintzatu zuten neurketa. CB Arabak 55 errebote harrapatu zituen, Tabirakoren 37en aldean; gainera, durangarrek 22 hiruko saiakeretatik bi baino ez zituzten saskiratu.

Banakako jardunari dagokionez, Fatou Sane nabarmendu zen, 16 puntu eta 9 erreboterekin. Malen Royuela eta Naia Puente ere 10 puntura iritsi ziren, eta hiruna errebote eskuratu zituzten.

Hurrengo jardunaldian, Tabirako Baquek erronka handia izango du aurretik: Loiola Indautxu liderra hartuko du Landako kiroldegian, larunbatean, azaroaren 21ean, 19:00etan. Durangarrek bolada txarrari amaiera eman eta garaipenen bidera itzultzen saiatuko dira.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top