DOT Durangaldea

Amorebieta-Etxanok 31 saltoki historiko omendu ditu Bizkaidendak Galan

Larunbatean Zornotza Aretoan egindako galan, udalerriaren historian eta nortasunean arrastoa utzi duten saltokien ibilbidea aitortu zen

AMOREBIETA-ETXANO | Zornotza Aretoak Bizkaidendak IV. Gala hartu zuen joan den larunbatean, azaroaren 14an. Bizkaidendak elkarteak antolatutako ekitaldian, Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerriko 31 saltoki historiko omendu zituen. Aitortza horren bidez, dagoeneko ateak itxi dituzten arren, zornotzarren oroimenean bizirik jarraitzen duten establezimenduen ibilbidea nabarmendu zen, herriko eguneroko bizitzari, tokiko ekonomiari eta Amorebieta-Etxanoren nortasunari egindako ekarpena aitortzeko.

Galak merkataritza-sektoreko, elkarteetako eta erakundeetako ordezkariak bildu zituen, Bizkaiko hurbileko merkataritza bizirik mantentzen lagundu duten pertsonen ahalegina eta dedikazioa aitortzeko. Amorebieta-Etxanorentzat, ospakizunak esanahi berezia izan zuen, hamarkadetan zehar udalerriaren hazkundean eta eraldaketan bidelagun izan diren negozio eta familien historiak gogora ekartzeko aukera eman baitzuen.

Ekitaldian egindako hitzaldian, Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek establezimendu horien atzean egon diren pertsonak eta herrian utzi duten ondarea izan zituen hizpide. «Saltoki horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu Amorebieta-Etxanori egindako ekarpenagatik. Ez bakarrik jarduera ekonomikoagatik, baita gure eguneroko historiaren parte izateagatik, zornotzar belaunaldi askoren bidelagun izateagatik eta gure herriaren nortasuna eraikitzen laguntzeagatik ere», nabarmendu zuen.

Oroimenean bizirik

Omenaldian, urte luzez zornotzar belaunaldi askorentzat erreferentzia izan diren establezimenduak gogoratu ziren. Produktuak eta zerbitzuak eskaintzeaz harago, negozio horiek elkargune eta konfiantzazko gune bihurtu ziren, eta tratu pertsonala eta gertutasuna eguneroko harremanen parte izan ziren.

Alkateak azpimarratu zuen negozio horien ondarea merkataritza-jardueratik harago doala: «Batzuetan, herri baten historiaz hitz egiten dugunean, eraikinak, kaleak, plazak edo gertakari handiak etortzen zaizkigu burura. Baina herri baten historia saltoki txikietan ere idazten da».

Salterainek establezimendu horien buru izandako pertsona batzuk ere ekarri zituen gogora, eta Argazkari, Bar Martija, Itxausti harategia, Toribio janari-denda edo Garamendi arrandegiarekin lotutako pasadizoak eta bizipen pertsonalak partekatu zituen, besteak beste. Oroitzapen horiek agerian utzi zuten saltoki horiek belaunaldiz belaunaldi herritarrekin izan duten gertutasuna eta lotura estua.

Aitortza horren bidez, herriaren esker ona helarazi nahi izan zitzaien establezimendu horiek martxan jarri zituztenei zein haien jarduerari jarraipena eman ziotenei. Era berean, dagoeneko gure artean ez dauden pertsonak ere gogoan izan ziren, haien lana eta dedikazioa Amorebieta-Etxanoren historiaren parte baitira.

31 saltoki historikoak

Amorebieta-Etxanoko Udalak herriaren merkataritza- eta gizarte-garapenean urteetan zehar ekarpena egin duten 31 establezimenduren ibilbidea aitortu nahi izan zuen publikoki. Honako hauek izan ziren omendutako negozioak:

1.     Argazkari

2.     Aldagarriak Erroze

3.     Billiken

4.     Bar Martija Ultramarinos

5.     Calzados Pedro

6.     Carnicería Autzagane

7.     Carnicería Itxausti

8.     Cocinas Astepe

9.     Comercial Dañobeitia

10.  Cristalería Argi

11.  Electrodomésticos Berrio

12.  Ferretería Alfonso

13.  Ferretería Etxebarria

14.  Frutería Samuel

15.  Joyería Aurtenetxe

16.  Kirolkiak

17.  La Tienda de Mari

18.  Óptica Izarra

19.  Panadería Intxausti

20.  Peluquería Marije

21.  Peluquería Miren

22.  Pescadería Garamendi

23.  Reparación Diestre

24.  Sastrería Agustín

25.  Sastrería Fernández

26.  Tejidos y Confecciones Sema

27.  Tintorería Ibaizabal

28.  Ultramarinos Larrea

29.  Ultramarinos Pilar

30.  Ultramarinos Toribio

31.  Zapatería Sanz

Omenaldi honekin, Udalak negozio horien jarduera ekonomikoa ez ezik, haien atzean egon diren familien ahalegina, aldaketetara egokitzeko erakutsitako gaitasuna eta zornotzar belaunaldi askorengan utzitako arrastoa ere aitortu nahi izan zituen.

Tokiko merkataritzaren etorkizunari begira

Iragana gogoratzeaz gain, Bizkaidendak Galak hurbileko merkataritzak udalerrien orainean eta etorkizunean duen funtsezko eginkizuna aldarrikatzeko ere balio izan zuen. Enpleguari, tokiko ekonomiari eta kaleetako jarduerari egiten dion ekarpenaz gain, merkataritza mota horrek gertutasunean eta pertsonen arteko harremanetan oinarritutako gizarte-funtzio garrantzitsua betetzen du.

Ildo horretan, Ainhoa Salterainek Udalak sektorearekin duen konpromisoa berretsi zuen: «Tokiko merkataritzaren alde egitea nahi dugun herri-ereduaren alde egitea ere bada: Amorebieta-Etxano hurbila, dinamikoa, kaleetan bizia duena eta pertsonen arteko harremanek leku garrantzitsua izaten jarraituko duten espazioak dituena».

Bizkaidendak IV. Galan, halaber, Bizkaiko merkataritza-establezimenduen lana aitortu zen hainbat kategoriatan, eta haien ibilbidea, berritzeko gaitasuna, euskararen sustapena eta sektorearen garapenean laguntzen duten ekimen berriak nabarmendu ziren.

Omenaldi honen bidez, Amorebieta-Etxanok bere saltoki historikoen eta haiek posible egin zituzten pertsona eta familien ondarea aitortu du. Aldi berean, etorkizuna duen tokiko merkataritzaren aldeko apustua berretsi du, garai berrietara egokitzeko gai izango dena, bere ezaugarri nagusietako bat den gertutasuna galdu gabe.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top