1976tik 2000ra bitartean zuzendu zuen Sociedad Deportiva Amorebieta, eta klubaren historiako une garrantzitsuenetako batzuen lekuko eta protagonista izan zen

AMOREBIETA-ETXANO | Sociedad Deportiva Amorebietak Luis Birizuela Olanoren heriotzaren berri eman du. Klub zornotzarraren presidente izan zen 1976tik 2000ra bitartean, guztira 24 denboraldiz. 79 urterekin hil da, eta haren agintaldian taldeak bere ehun urtetik gorako ibilbideko hainbat mugarri esanguratsu bizi izan zituen.
1975-76ko denboraldia amaituta, inork ez zuen klubaren presidentetza bere gain hartu nahi. Garai hartan, erregimen frankistaren azken urteetan, klubaren kontrola hartzeko hautagaitza bat prestatzen ari zirela zabaldu zen herrian. Horren aurrean, izaera herrikoiko hautagaitza bat osatu zen, Luis Birizuela buru zuela. Horrela hasi zuen 24 urteko presidentetza.
Bere agintaldiko une gogoangarrienetako bat 1981eko ekainaren 7an iritsi zen. Egun hartan, Urritxen, Mondragón 2-0 mendean hartu zuen Amorebietak, eta Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen. Garaipen hark arrasto sakona utzi zuen zaleen artean, eta taldeak 30 denboraldiz jarraian eutsi zion maila horri.
1990eko hamarkadaren erdialdean, Birizuela udalera ere joan zen Urritxeko futbol zelaiaren egoera salatzeko. Are gehiago, gose greba egin zuen instalazioen egoera txarraren aurka protesta egiteko. 1997aren amaieran, Txolonen belar artifizialeko zelai bat eraikiko zutela iragarri zuten, Urritxetik 300 metrora, harrobiko taldeek erabiltzeko.
Hain zuzen ere 2000. urtean utzi zuen presidentetza, baina aurretik bere helburu nagusietako bat lortzea izan zuen:Urritxeko futbol zelaiaren eraberritzea. Urte hartako martxoan, Birizuelak instalazioak osorik berritzeko proiektua aurkeztu zion Begoña Azarloza alkateari. Besteak beste, hareazko zelaia belar naturalekoa bihurtzea aurreikusten zuen egitasmoak. Udalak proiektua onartu zuen, eta Birizuelak klubaren gidaritza utzi zuen.
SDAk doluminak helarazi dizkie haren senide eta gertukoei, eta eskerrak eman dizkio klubaren alde egindako lan guztiagatik. «Eskerrik asko klubaren alde egindako lan guztiagatik, Luis. Goian bego», adierazi du erakundeak.


