DOT Durangaldea

Urduñak azaroaren 25a ospatuko du, indarkeria matxistaren aurkako hainbat ekintzarekin

Kultur jarduerak, hitzaldiak, zineforuma eta elkarretaratzea antolatu ditu Udalak. Egitaraua azaroaren 26ra arte luzatuko da

Azaroaren 25ean izango dira eguneko ekitaldi nagusiak.

URDUÑA | Udalak Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat jarduera antolatu ditu azaroan zehar. Kultur proposamenak, topaguneak eta sentsibilizazio-ekintzak izango dira egitarauaren ardatz, emakumeen aurkako indarkeriaren eta desberdintasunaren inguruko hausnarketa sustatzeko.

Egitaraua urriaren 26an abiatu zen, Alondegian ikusgai dagoen «Sexismoa publizitatean» erakusketarekin. Azaroaren 13ra arte bisitatu ahal izango da, eta publizitateak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak iraunarazteko erabiltzen dituen mezu eta ereduei buruzko begirada kritikoa proposatzen du.

Hurrengo hitzordua azaroaren 19an izango da: 18:30ean, Iratxe Estradaren «Bufón» liburuaren aurkezpena egingo dute Urduñako Museoan, Loraldi elkartearekin elkarlanean. Azaroaren 23an, berriz, «La Trenza» filmaren zineforuma egingo dute Alondegian.

Elkarretaratzea

Azaroaren 25ean izango dira eguneko ekitaldi nagusiak. 17:00etan, «Osasun mentala eta estereotipoak» hitzaldia eskainiko dute Alondegian, genero-rolek eta aurreiritziek ongizate emozionalean duten eragina aztertzeko.

Ondoren, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Foru Plazan. Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera, indarkeria matxista gaitzesteko eta indarkeria hori jasaten duten emakumeei babesa adierazteko.

Egitaraua azaroaren 26an amaituko da, «Feminísimas» bakarrizketarekin. 18:00etan izango da, Alondegian, eta umorea erabiliko du genero-estereotipoen eta berdintasunaren inguruko gogoeta sustatzeko.

Urduñako Udalak herritarren parte-hartzea eskatu du, errespetuan, berdintasunean eta pertsona guztien eskubideetan oinarritutako eta indarkeria matxistarik gabeko gizartea aldarrikatzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top