Amorebieta-Etxanoko Olentzeroren Baso Magikoa azaroaren 30etik urtarrilaren 6ra egongo da zabalik

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak «Amorebieta-Etxanoko Olentzeroren Baso Magikoa» aurkeztu du, aurtengo Gabonetako egitarauaren berrikuntza nagusietako bat. Izan ere, Jauregibarria parkea argiz eta fantasiaz betetako gune magiko bihurtuko da, eta azaroaren 30etik 2027ko urtarrilaren 6ra bitartean bisitatu ahal izango da. Ekimen honen bidez, Udalak familiei esperientzia berezia eskaini nahi die, Gabonetan herria girotu eta, aldi berean, tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatu.
Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek nabarmendu du ilusio handiz heldu diola herriak Gabonetako proposamen berri honi: «Aurtengo Gabonak bereziak izatea nahi dugu zornotzarrentzat, batez ere haurrentzat. Amorebieta-Etxanoko Parke Magikoarekin, Jauregibarria argiz eta magiaz betetako gune bihurtuko dugu, familiek une paregabeak partekatu eta jai hauetaz elkarrekin gozatzeko aukera izan dezaten. Gabonak gure kaleetan bizitzea nahi dugu, herria giroz betetzea eta bai hemen bizi garenok, bai bisitan datozenek Amorebieta-Etxanon gozatzeko arrazoiak aurkitzea».
Hala, Jauregibarria Gabonetako erakargarri nagusietako bat bihurtuko da, parkeko ingurune naturala eraldatuko duen argiztapen bereziari esker. Ibilbidean zehar, bisitariek Gabonetako giroz apaindutako hainbat gune ezagutzeko aukera izango dute. Horretarako, 20.000 metrotik gora argi-girlanda, argiztatutako 4.000 lore-elementu baino gehiago eta argi- eta soinu-efektu ugari erabiliko dira, Gabonetako giro berezia sortzeko.
Esperientziak argiztatutako 150 figura animatroniko ere izango ditu. Mugimendua duten figura horiek bizitasuna eta dinamismoa emango diete parkeko guneei. Horiez gain, argiztapen robotizatuko 200 elementu baino gehiago eta efektu bereziak ere izango dira, hala nola elur artifiziala eta kea, ibilbidean zehar askotariko eszenak eta giroak sortzeko.
Beste elementu aipagarrietako bat 120 metro koadroko LED pantaila izango da. Horren bidez, herriko monumentu historikoak Gabonetako ipuin bihurtuko dira, irudiak, animaliak eta ikusizko efektuak erabiliz. Elementu horiek guztiak ikusmenaren eta zentzumenen bidez gozatzeko diseinatutako ibilbide batean uztartuko dira.
Ekimen honen alderdirik berezienetako bat Zornotzako familien protagonismoa izango da. Izan ere, azaroaren 27an, 28an eta 29an, herriko haurrek parkea ezagutzeko aukera izango dute, azaroaren 30ean publiko orokorrarentzat ateak ireki aurretik.
Esperientzia hori errazteko, Udalak zuzenean bidaliko ditu etxeetara herriko 14 urtetik beherakoentzat prestatutako sarrerak. Horrela, Gabonetako gune berri honetaz beste inork baino lehen gozatzeko aukera izango dute.
Azaroaren 30etik aurrera, Amorebieta-Etxanoko Parke Magikoa publiko orokorrarentzat zabalik egongo da, 2027ko urtarrilaren 6ra arte, 18:00etatik 22:00etara. Parkera sartzeko sarrera beharko da, eta Kutxabanken bidez erosi ahal izango da.
Bultzatuko duten Gabonak
Familian aisialdiaz gozatzeko gune erakargarria izateaz gain, Amorebieta-Etxanoko Parke Magikoak Gabonetako kanpainan herriko jarduera ekonomikoa sustatzea ere izango du helburu. Udalak proposamen honen erakargarritasuna baliatu nahi du zornotzarrak eta bisitariak herriko kaleetan ibiltzera, saltokiak eta ostalaritza-establezimenduak ezagutzera eta tokiko eskaintzaz gozatzera animatzeko.
Ildo horretan, Udalak 1.000 sarrera jarriko ditu herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren eskura, parkeko esperientzia herriko merkataritza-jarduerarekin lotzeko eta tokiko erosketak sustatzeko.
Horren harira, Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu du ekimenaren bidez herriko merkataritzarentzat aukera berriak ere sortu nahi direla: «Gabonetako magia Jauregibarritik harago zabaltzea nahi dugu, gure kaleetara eta saltokietara ere iristea. Gure helburua da parkera hurbiltzen diren pertsonek Amorebieta-Etxanon paseatzeko, gure establezimenduak ezagutzeko eta erosketak bertan egiteko aukera ere aprobetxatzea. Familiengan ilusioa piztuko duten, herria girotuko duten eta tokiko merkataritza indartzen lagunduko duten Gabonen aldeko apustua egiten dugu».
Era berean, tokiko merkataritzaren aldeko apustuak beste hitzordu garrantzitsu bat izango du azaroaren 14an, Amorebieta-Etxanok Bizkaidendaken Gala hartuko baitu. Udalak hitzordu hori baliatu nahi du sektoreari omenaldia egiteko, merkatarien ibilbidea eta Amorebieta-Etxanoren garapen ekonomiko eta sozialari egindako ekarpena aitortuz.
Lan-aukera bat Amorebieta-Etxanoko hamar gazterentzat
Amorebieta-Etxanoko Parke Magikoak herriko gazteen enplegua sustatzen ere lagunduko du. Parkea martxan jarri eta bertako jarduera garatzeko, Zornotzako hamar gazte kontratatuko dira, Udalak iaz abian jarritako Gazteen Enplegu Planaren bidez. Horrela, gazteei lan-merkatuan sartzen laguntzea eta herrian bertan lan-aukera berriak eskaintzea helburu duen ekimenari jarraipena emango zaio.
Beraz, lan-aukera honetan interesa duten gazteek Gazteen Enplegu Planean izena eman dezakete inprimaki honen bidez. Bestalde, dagoeneko izena emanda dutenek, curriculuma eguneratu edo hobetu badute, galdetegia berriro bete dezakete informazio berriena gehitzeko eta datozen kontratazio-prozesuetan beren profila kontuan hartzea errazteko.
Aldi baterako egokitzapenak Jauregibarrian
Amorebieta-Etxanoko Olentzeroren Baso Magikoa instalatu eta martxan jartzeko lanak direla eta, Jauregibarria parkeko zenbait gunetan erabilera- eta sarbide-mugak ezarriko dira aldi baterako.
Hala ere, kalistenia-gunea normaltasunez erabiltzen jarraitu ahal izango da. Era berean, parkean sartzeko eta bertatik igarotzeko ibilbideak egokituko dira, errekara doan bidea barne, erabilgarri dauden guneetan mugikortasuna errazteko. Txakurgunea, berriz, inguruko beste leku batera lekualdatuko da aldi baterako, eta kokapen berria aurrerago zehaztuko da.
Azkenik, Ainhoa Salterain alkateak herritarrak Gabonetako proposamen berri honetaz gozatzera animatu ditu: «Ilusio handiz prestatu dugu ekimen hau, zornotzarrei zerbait berezia eskaintzeko gogoz. Egun hauetan Amorebieta-Etxano bizitasunez betetzea nahi dugu, eta bai herriko familiek, bai bisitan datozenek Gabon desberdinez gozatzeko aukera izatea. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu Jauregibarrira hurbiltzera, gune berri hau ezagutzera eta Gabonetako magia gure herrian elkarrekin bizitzera».


