DOT Durangaldea

Atxarteko harrobi ondoko errepidea itxita, hobekuntza lanak direla eta

Atxarterako sarbidea berritu eta oinezko zein ibilgailuentzako segurtasun baldintzak hobetuko dira

Lanek 384.996 euroko (BEZ barne)aurrekontua dute

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak hasi ditu Atxarteko harrobiaren inguruko errepidea berritzeko lanak, eta, horren ondorioz, harrobira iristeko 200 metroren faltan errepidea moztu da.

Horrenbestez, auzokideek eta baimendutakoek soilik igaro ahalko dute azken tramo horretatik.
Obraren helburua da bidearen egungo egoera hobetzea eta Atxarte ingurura gerturatzen diren oinezko zein ibilgailuentzat sarbide seguruagoa bermatzea. Lanek 384.996 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute eta urte hasierarako burutzea aurreikusten da.

Proiektuak errepidearen hainbat puntutan esku hartzea aurreikusten du. Urte batzuk lehenago izandako luizi baten ondorioz, zoladurak eta ura husteko azpiegiturek kalteak izan zituzten, eta orain lanek arazo horiei irtenbide integrala emango diete. Horretarako, galtzada berrituko da, drainatze sistema egokituko da eta ezpondak egonkortzeko lanak egingo dira.

Lan hauen bitartez, errepidearen egoera hobetzeaz gain, etorkizunean luiziek eragin ditzaketen arriskuak gutxitzea eta euriteetan ura behar bezala bideratzea bilatzen da.

Horrek guztiak bidearen segurtasuna eta erabilgarritasuna handituko ditu.

Atxarte aisialdirako eta kirol jardueretarako ohiko helmuga da, eta errepide berean ibilgailuen eta oinezkoen joan etorriak bat egiten du. Hori dela eta, lanek arreta berezia jarriko dute erabiltzaileen segurtasunean eta espazioaren erabilera partekatua baldintza egokiagoetan egin ahal izatean.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top