Iurretako abeltzainak ganadutegi onenaren, behi heldu onenaren eta zezen gazte onenaren sariak eskuratu ditu

GERNIKA-LUMO | Jon Koldo Bikandi iurretarrak Gernika-Lumoko Lehen Asteleheneko protagonista nagusia izatea lortu du beste behin. Iurretako abeltzainak hiru sari nagusi eskuratu ditu Piriniar arrazako Euskadiko 39. abere lehiaketan: ganadutegi onenarena, behi heldu onenarena eta zezen gazte onenarena.
Bikandirentzat, gainera, laugarren urtez jarraian da Gernikako hitzordu honetan garaile. Bere ganadutegiak 14 abere aurkeztu zituen aurtengo lehiaketan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hamaika ustiategitako 103 abelbururen artean.
Beste sariei dagokienez, behi gazte onenaren saria Nafarroako Uztarroz ganadutegiak eskuratu du, eta zezen heldu onenarena Gipuzkoako Aitor Aranak. Horrela, Gernikako Lehen Astelehenak beste behin erakutsi du Euskal Herriko lehen sektorearentzat eta Piriniar arrazaren sustapenerako erreferentziazko hitzordua dela.
Jardunaldiak jendetza handia bildu du Gernika-Lumon, eta abeltzaintza, bertako produktuak eta landa-munduaren lana izan dira eguneko protagonistak.


