Tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko ekimenak herritarren parte-hartze handia izan du

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebono 2026 kanpainak zornotzarren artean izan duen harrera onaren ondorioz, asteburu honetan agortu dira eskuragarri zeuden bonu guztiak. Irailaren 1ean abian jarritako ekimenak herritarren parte-hartze handia izan du, eta beste behin ere agerian utzi du zornotzarrek tokiko merkataritza eta ostalaritzarekiko duten babesa.
Edizio honetan, bonuak zuzenean erabili ahal izan dira kanpainari atxikitako establezimenduetan. Horrela, herritar guztientzat errazagoa izan da bonuak erabiltzea, eta, aldi berean, prozesua sinplifikatu egin da merkatarientzat, ostalarientzat eta zornotzarrentzat. Amorebono bakoitzak 5 euroko deskontua eskaini du 20 eurotik gorako erosketetan edo kontsumizioetan, eta pertsona bakoitzak gehienez sei bonu erabili ahal izan ditu.
Amorebono 2026 kanpainaren barruan, guztira, 32.000 bonu jarri dira zirkulazioan. Horretarako, Amorebieta-Etxanoko Udalak 160.000 euroko inbertsioa egin du, tokiko merkataritza eta ostalaritza babesteko.
Amorebieta-Etxanoko Udalak positiboki baloratu du kanpainaren bilakaera, eta Amorebono bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du udalerriko ekonomia dinamizatzeko, tokiko establezimenduei laguntzeko eta gertuko kontsumoa sustatzeko.


