Thriller berria gala handi batekin eta alfonbra gorriarekin aurkeztuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, datorren irailaren 29ko arratsaldean

BILBAO | Catherine Zeta-Jones aktore galestar ospetsua, Oscar bat eta BAFTA bat (Chicago filmarekin) eta Tony bat irabazi dituena, Bilbora itzuli da KILL JACKIE seriearen nazioarteko aurkezpena egiteko. Iaz filmatu zuten, 20 astez, Bilbo, Bizkaia, Londres eta Swanseako kokaleku ezagunetan.
Irailaren 29an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Gala handi bat egingo da, alfonbra gorri eta guzti, eta 20:00etatik aurrera bi kapitulu proiektatuko dira.
Ekitaldi berezi honetan, aktorea bera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua egongo dira. Gainera, aktoreetako batzuk ere etorriko dira: Óscar Jaenada, Sidse Babett Knudsen, Darci Shaw, Julian Rhind Tutt, Christine Adams eta Hattie Hook. Damon Thomas zuzendaria, Tom Butterworth showrunnerra, Peter Lawson ekoizle exekutiboa eta José Luis Escolar ekoizlea ere hor izango dira.
Bilboko ekitaldia estreinaldiaren atarikoa izango da. Hain zuzen ere, seriea urriaren 2an estreinatuko da: HBO Max-ek, Espainian, Portugalen, Suedian, Danimarkan, Norvegian, Finlandian, Islandian, Frantzian eta Belgikan. PRIME VIDEOk, berriz, Erresuma Batuan, Irlandan, Herbehereetan, Turkian, Alemanian, Austrian, Suitzan, Liechtensteinen, Luxenburgon eta Kanadan emango du, eta AMCk Estatu Batuetan.
Asteartean bertan, irailak 29, prentsaurreko berezi bat egingo da goizean Euskal Museoak Bilboko Zazpikaleetan dituen instalazioetan. Komunikabideekin egingo den topaketa horretan, Catherine Zeta-Jones aktoreak berak parte hartuko du, Juan Mari Aburto alkatearekin eta Ainara Basurko diputatuarekin batera. Aktoreen, zuzendariaren eta ekoizleen laguntza izango dute, aukera bikaina filmaketan parte hartu duen talde osoa zuzenean ezagutzeko.
KILL JACKIE zortzi ataleko serie bat da, Sunday Times-en best sellerren zerrendan ageri den The price you pay liburuan oinarritua. Liburuaren idazlea Nick Harkaway da (Aidan Truhen izenordearekin idazten du eta John Le Carré idazle ezagunaren semea da).
Filmaketa osoan zehar, Bilboko eta Bizkaiko leku oso ezagunak erakutsiko dira, Londresekin eta Galeseko Swansearekin batera. Zatirik handiena, seriean agertzen diren espazioen ehuneko 78, Bilbo eta Bizkaiko lekuak dira, eta gainerakoa (% 22), Erresuma Batua, Gipuzkoa eta Nafarroakoak.
Trailerrak Bilboko eta Euskadiko toki ezagunenetako batzuk erakusten ditu, besteak beste, Catherine Zeta-Jones gaueko soineko batez jantzita Guggenheim Museoaren aurrean pasieran. Airetiko planoak ere baditu, La Salve zubia eta Jesusen Bihotzaren monumentua gainetik erakutsiz. Era berean, jet pribatuz betetako aireportu batean filmatutako eszenak ageri dira. Sekuentzia ikusgarrienetako batean, terminala lehertu egiten da. Baina berez Getxoko gurutzaontzien terminala da.
Serieak, gainera, protagonista erakusten du Solokoetxe auzoko eskaileretatik salto egiten, Gaztelugatxeko San Joan ermitara joaten, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kale Nagusiko Jauregian, fikziorako Londresko luxuzko hotel bihurtua. Beste eszena aipagarri batzuk Getxoko Punta Begoñako galerietakoa (sikario batzuk agertzen dira) eta Donostiako Kontxako badiara ematen duen igerileku txundigarrikoa dira.
Filmaketa taldea
200 profesionalek baino gehiagok parte hartu dute britainiar ekoizpen honetan, The price you pay eleberrian oinarritua. Zuzendaritza nagusia Damon Thomas da, Killing Eve-n egindako lanagatik ezaguna; Tom Butterworth, berriz, Gangs of London-ekin lotuta dagoena, serieko showrunnerra da.
Zeta-Jonesekin batera ageri dira Óscar Jaenada (Rambo V, Cantinflas), Daniel Ings (El caballero de los Siete Reinos, The Gentlemen), Sidse Babett Knudsen (Prime Target, Borgen), Hattie Hook (Of An Age, Ten Pound Poms), Darci Shaw (A Thousand Blows, This City is Ours), Raff Law (Masters of The Air, Triton), Enzo Cilenti (Black Mirror, The Crown), Christine Adams (Hijack, Malice), Julian Rhind–Tutt (Britannia, Napoleon), Karlis Arnolds Avots (Soviet Jeans, Lovable), Set Sjöstrand (La rueda del tiempo, Valhalla), Tadashi Ito (La Sociedad de la Nieve, El Hoyo 2), Sebastián Armesto (Gangs of London, A Small Light), Julian Barratt (The Mighty Boosh, The Great), Gavin Spokes (La Casa del Dragón, Slow Horses), Jonathan Cake (And Just Like That, Camping), Bamshad Abedi-Amin (A Town Called Malice, The Last Kingdom), Bill Paterson (Fleabag, Criminal Justice) eta Ron Perlman (Hellboy).
Killing Eve eta Gangs of London serieen sortzaileen eskutik, KILL JACKIE Fremantle-k eta Steel Springs Pictures-ek koproduzitu dute. Sortzaileak Conor Keane, Tom Butterworth (Gangs of London), Peter Lawson (John Wick) eta Damon Thomas (Killing Eve) dira. Hauek dira ekoizle exekutiboak: Peter Lawson eta José Agustín Valdés, Steel Springs Pictures-en aldetik, eta Tom Butterworth, Damon Thomas, Catherine Zeta-Jones, Rebecca Dundon, Dante Di Loreto eta Jeffrey Levine. Conor Keanek zati batean idatzi du telebistarako egokitzapena, eta ekoizle elkartua da. Nick Harkaway seriearen kontsultore exekutiboa da. José Luis Escolarren Deabru Kalea Filmeak ekoizpen-etxeak seriearen ekoizpena gainbegiratu zuen Bizkaian eta Erresuma Batuan.
Sinopsia
Jackie Pricek (Zeta-Jones) hogei urte daramatza luxuz inguratuta bizitzen: mundu osoan zehar bidaiatzen, artelanak saltzen eta, batez ere, anonimotasunari eusten, nazioarteko droga-trafikatzaile gisa duen iragan arriskutsutik ihes egin ondoren. Hain zuzen ere, bizitza pixka bat aspergarria izaten hasten denean, bat-bateko aldaketa bat gertatzen da, zeharo hilgarria, norbaitek “Zazpi Demonioak” –munduko sikario beldurgarrienek osatutako taldea– bera hiltzeko kontratatzen dituenean. Azpijoko horren atzean bere iraganeko norbait dagoelakoan, Jackie bere izaera zaharrera itzuli eta plan zentzugabe eta arriskutsu batean murgiltzen da: “Zazpi Demonioak” banan-banan akabatzea, berandu baino lehen. Hala ere, laster konturatuko da bere demonioak askoz ere beldurgarriagoak direla atzetik dituen hiltzaile ankerrak baino… eta bere ezkutuko sekretuek etxetik hurbil eramango dute.


