Pasabidea eta eskailera ere itxita egongo dira lanek iraungo duten hiru hilabeteetan

ABANTO-ZIERBENA | Udalak konponketa-lan integralak hasi ditu Doctor Areilza Etxetaldea plaza eta Eusko Gudariak aparkalekua lotzen dituzten azpiegituretan. Horren ondorioz, igogailua, pasabidea eta eskailerak itxita egongo dira abenduaren amaierara arte.
Iñaki Urrutia del Cura alkateak eta Argiñe de la Cruz Ortuzar Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak ostiral honetan aurkeztu dute proiektua, lanen eremuan bertan. Jarduketak 299.644,48 euroko kostua du (BEZa barne) —jatorrizko proiektuan aurreikusitakoa baino 33.106 euro gutxiago— eta hiru hilabeteko egikaritze-epea izango du.
Lanak egin bitartean, eremua babes-hesiekin inguratuta egongo da. Doctor Areilza Etxetaldea kaleko zirkulazioan noizean behingo desbideratzeak egin daitezkeen arren, noranzko bakoitzeko errei bat zabalik egongo da une oro.
Iñaki Urrutia alkateak herritarren pazientzia eskatu du: «Badakigu herritar askok egunero erabiltzen dutela igogailu hau eta itxierak eragozpenak sortuko dituela. Lan hauek bertatik bertara azaldu nahi izan ditugu, herritarrek argi izateko zein den konponketaren beharra eta noiztik aurrera erabili ahal izango duten berriro».
2005eko urbanizazio-proiektuan eraikitako instalazio honek 6,40 metroko desnibela gainditzen du, 23,68 metroko pasabide baten, 12,26 metroko igogailu baten eta lau ataleko eskailera baten bidez. Memoria teknikoaren arabera, igogailuaren beirazko junturak hondatuta daude eta ura barrura sartzen da; pasabideak, berriz, ez du euri-ura husteko sistema egokirik. Horren ondorioz, altzairua herdoildu egin da, nahiz eta teknikariek egiturazko sekzio-galerarik hauteman ez duten.
«Lehenik, hondatuta dagoena konponduko dugu, eta, ondoren, berriro gerta ez dadin prebentzio-neurriak hartuko ditugu. Horregatik, obra hau ez da margoketa soil batera mugatuko: igogailuaren itxitura eta zoladura aldatuko ditugu, baita ura biltzeko modua ere», azaldu du Argiñe de la Cruz Ortuzar Obra zinegotziak.
Zer berrikuntza egingo diren
-
Egitura eta babesa: Altzairuzko egitura garbitu eta geruza anitzeko korrosioaren aurkako tratamendua emango zaio. Zimendua handituko da estalki berriari eusteko.
-
Estalki berria eta argiztapena: Beirazko estalki berria eta LED argiztapena jarriko dira; estalkiak igogailuaren irteera zein pasabide eta eskaileren hasiera babestuko ditu.
-
Igogailua eta eskailerak: Igogailuak juntura gutxiagoko beirazko itxitura jarraitu berria izango du, eta eskaileraren nukleoari aluminiozko estaldura jarriko zaio.
-
Irisgarritasuna eta zoladura: Pasabideak zoladura berria eta ur-hustubideetara bideratutako malda izando ditu. Eskailera-mailak metalezko xaflez egingo dira, eta sarbideetan gida-lauzak jarriko dira ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat.
Udalak informazio-gutun bat banatu du dagoeneko inguruko bizilagunen artean. Obren inguruko edozein kontsulta edo gorabehera jakinarazteko, lanak@abanto-zierbena.eus helbide elektronikoa jarri da herritarren eskura.


