Araudia eta ordenantza fiskala onartuko ditu Udalbatzak asteazkenean

GETXO | Getxoko Udalbatzak datorren asteazkenean, hilaren 23an, egingo duen ohiko Osoko Bilkuran behin-behinean onartzeko aurkeztuko ditu Getxobus zerbitzu publikoa arautuko duen Araudia eta dagokion Ordenantza Fiskala. Onarpen hori beharrezko urratsa da administrazio-izapidetzearen barruan, udaleko hiri-garraio zerbitzu berria martxan jartzeko bidean aurrera egiten jarraitu ahal izateko.
Ordenantza Fiskalaren alderdi nagusietako bat Getxobus Bizkaiko garraio publikoaren sisteman integratzea da. Zerbitzuak Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin (BGP) hitzartutako garraio-tituluen erabilera jasotzen du; beraz, erabiltzaileek Barik txartela eta noizbehinkako txartela erabili ahal izango dituzte. Horrela, Getxobus ez da garraio-sistema isolatu gisa planteatzen, Bizkaiko garraio publikoan indarrean dagoen tarifa- eta garraio-tituluen sistemarekin bat datorren zerbitzu gisa baizik.
Era berean, Ordenantzak garraio-titulu horiei lotutako salbuespen, deskontu eta hobari guztiak aplikatzea aurreikusten du, besteak beste, adingabeei, gurpil-aulkia erabiltzen duten mugikortasun urriko pertsonen laguntzaileei eta familia ugariei dagozkienak, betiere ezarritako baldintzak egiaztatu ondoren.
Adingabeen kasuan, doakotasuna 14 urtera artekoa izango da, BGPren hitzartutako tituluetarako ezarritako sistemarekin bat etorriz. Dagozkien hobariez baliatzeko beharrezkoa denean, Barik txartel pertsonalizatua izan beharko dute.
Mugikortasun urriko pertsonek gainerako bidaiarien tarifa-erregimen bera izango dute. Hala ere, %45eko edo hortik gorako desgaitasuna duten eta mendekotasun-mailaren bat egiaztatzen duten pertsonek laguntzaile batekin bidaiatzeko eskubidea izango dute garraio publikoan, laguntzaileak txartela ordaindu behar izan gabe. Horretarako, lagundutako pertsonak Barik txartel pertsonalizatua izan beharko du.
Halaber, Udalak, bere kabuz edo udalaz gaindiko beste erakunde batzuekin sinatutako hitzarmenen bidez, bestelako garraio-tituluak erabili ahal izango ditu, baita intermodalak ere, eta euskarriak sortzen diren berrikuntza teknikoetara egokitu ahal izango ditu.
Zerbitzua enpresa edo erakunde kudeatzaile batek emango du. Udalak kudeaketa-modalitatea aldatu ahal izango du, aplikatzekoa den legediaren barruan, baita lineak, ibilbideak, geralekuak, maiztasunak eta zerbitzuarekin lotutako beste alderdi batzuk aldatu, zabaldu edo kendu ere, dagozkion azterketa ekonomikoak egin ondoren eta erabiltzaileei behar bezala jakinarazita.
Osoko Bilkurako izapidea gainditu ondoren, zerbitzua martxan jartzeko beharrezko izapideek aurrera jarraituko dute. Prozedurak aurreikusitako epeetan garatzen badira, Udalak Getxobus Gabon inguruan martxan jarri ahal izateko helburuarekin dihardu lanean.
Urtebeteko proba pilotua
Udal hiri-garraio kolektiboko zerbitzu berria, hasiera batean, urtebeteko proba pilotu gisa planteatzen da, eta ez behin betiko zerbitzu gisa. Helburua da benetako baldintzetan udalerri barruko mugikortasunaren eskaria eta beharrak aztertzea eta, modu progresibo, tekniko eta ebaluagarrian aurrera egitea, etorkizuneko zerbitzu-ereduari buruzko behin betiko erabakiak hartu aurretik.
Proiektuak Getxo barruko mugikortasuna hobetzea eta udalerri barruko eguneroko joan-etorriak erraztea du helburu, auzoak lotzen eta herritarren eguneroko bizitzan zerbitzuak eta aukerak hurbiltzen lagunduz.
Zerbitzua udalerriko hainbat auzo lotuko dituen ibilbide zirkular baten inguruan egituratuko da, gaur egun zuzeneko loturarik ez duten eremuen arteko mugikortasuna errazteko. Ibilbidean 30 geraleku baino gehiago jarriko dira, puntu estrategikoetan, hala nola, Metro geltokietan, osasun-zentroetan, merkataritza-eremuetan, ekipamendu publikoetan eta bizitegi-eremuetan.
Ibilbide osoa egiteko aurreikusitako denbora ordubete ingurukoa izango da, eta autobusak 20-25 minutuan behin igaroko dira, udalerri barruko joan-etorrietarako benetako alternatiba eskainiz.
Diseinu horrek mugikortasunaren azterketa teknikoari zein bere garaian egindako herritarren partaidetza-prozesuan jasotako ekarpenei erantzuten dien.
Proba pilotuaren barruan, zerbitzuaren jarraipenak garrantzi berezia izango du. Zerbitzuaren erabilerari, benetako eskariari, gorabeherei, herritarren ekarpenei, erabilgarritasun-mailari eta egin daitezkeen hobekuntzei buruzko datuak bilduko dira.
Aurretiko herritarren partaidetza
Hiri-autobusaren proiektu pilotua herritarren beharrei erantzunez sortzeko, 2025eko ekainaren 9tik 22ra herritarren partaidetza-prozesua egin zen, udalerri barruko mugikortasunarekin lotutako behar, zailtasun eta proposamenak jasotzeko.
Horretarako, hainbat partaidetza-kanal jarri ziren martxan: autobus ibiltari bat informazio-puntu gisa; presentzia udalerriko hainbat tokitan; galdetegi digital bat Zeugaz plataforman; eta udaleko abisu, kexa eta iradokizunen kanala, idatzizko proposamenak jasotzeko.
Guztira 1.546 galdetegi jaso ziren, eta horietatik 1.302 Getxon erroldatutako pertsonek bete zituzten. Horrez gain, 1.100 telefono-inkesta egin ziren. Parte hartu zuten pertsonen %80k baino gehiagok adierazi zuen zerbitzua ohiko moduan erabiliko lukeela.
Partaidetza-prozesu hori proiektuaren garapen teknikorako erreferentzia izan da, udalaren mugikortasun-azterketarekin eta lurraldearen ezagutzarekin batera.
Proiektua 2024-2027 Legegintzaldiko Planean jasota dago, eta Udal Gobernuak (EAJ/PNV eta PSE-EE) eta PPk 2025eko Aurrekontua onartzea ahalbidetzeko sinatutako akordio politikoaren emaitza da.


