Saioak urriaren 20an eta 22an egingo dira, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen familiei zuzenduta egongo dira

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak ikasturte honetan Familia Eskolaren eskaintza zabaldu du, EBETEren eskutik urriaren 20an eta 22an eskainiko diren bi online hitzaldirekin. Saioak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen familiei zuzenduta daude, eta seme-alabei euskararen erabileran eta ikaskuntzan laguntzeko tresnak, estrategiak eta baliabide praktikoak eskaintzea dute helburu.
Lehen hitzaldia, ‘Gure seme-alabei euskararen erabilerarekin laguntzearen erronka’, urriaren 20an izango da, euskaraz, eta guraso euskaldunei zuzenduta egongo da. Saioan seme-alaben hizkuntza-ohiturak eta familiek horietan duten eragina landuko dira. Era berean, euskararen erabilera sustatzeko, hizkuntzarekiko atxikimendua indartzeko eta etxean egunerokoan erabil daitezkeen baliabideak ezagutzeko estrategiak eskainiko dira.
Bigarren saioa urriaren 22an egingo da, gaztelaniaz, ‘Disfrutando de los idiomas: ¿Cómo ayudar a nuestros/as hijos/as con el euskera y los estudios?’ izenburupean, eta euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoei zuzenduta egongo da. Saioan hizkuntza bat baino gehiago ikasteko prozesua, eleaniztasunaren balioa eta etxeko hizkuntzek duten zeregina landuko dira. Horrez gain, familiek euskarazko ikasketen inguruan izan ohi dituzten zalantzak jorratuko dira, hala nola etxeko lanetan nola lagundu edo euskara ondo jakin gabe seme-alabei nola lagundu, eta horretarako ideia eta baliabide praktikoak eskainiko dira.
Bi hitzaldiak online egingo dira, eta familien parte-hartzea errazteko, saio bakoitzean lau ordutegi eskainiko dira: 09:30, 15:00, 17:00 eta 18:30. Saio bakoitzak ordubete eta laurden inguruko iraupena izango du.
Izen-ematea zabalik
Parte hartu nahi duten familiek gaur, irailaren 14tik, urriaren 15era arte eman ahal izango dute izena. Izen-ematea Amorebieta-Etxanoko Udalaren webgunearen bidez egin beharko da, eta bertatik EBETEk prestatutako formulariora bideratuko da.
Bi hitzaldi hauek ikasturte berriko Familia Eskolaren eskaintza zabaltzen dute. Udalak aurrerago emango du ezagutzera Familia Eskolaren ohiko programazioa.
Saioei buruzko informazio guztia [hitzaldien kartelean] kontsulta daiteke.
Informazio gehiago behar duten familiek Prebentzio Zerbitzuarekin jarri ahal izango dute harremanetan, prebentzioa@amorebieta.eus helbidearen bidez edo 614 45 76 09 telefono zenbakian.


