Aurreikuspenen arabera, lanak urriaren 2rako egongo dira amaituta, liga hasten denerako, futbol zelaia prest egon dadin

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak Astolako kirol instalazioetako goiko futbol zelaiko berdegunea berritzeko lanak hasi ditu. Jarduketa honi esker, 15 urte baino gehiago dituen eta berritzeko beharra zuen egungo berdegunea ordezkatuko da.
Mondo Ibérica, S.A.U. enpresari esleitu zaizkio lanak, 281.930 euroan, eta 5.700 metro koadro inguruko azalera berrituko da. Zehazki, aste honetan hasi dira egungo berdegunea ordezkatzen, eta lursail berria irailaren 16tik aurrera instalatzen hastea espero da. Aurreikuspenen arabera, lanak urriaren 2an amaituko dira.
Proiektuaren alderdi berritzaileenetako bat ingurumen eskakizunetara egokitzea izan da: belar artifizial berriak harea erabiliko du kautxuaren ordez, instalaziorako irtenbide jasangarriagoa eskainiz.
“Abadiñoko futbol zelaia emakumezkoen zein gizonezkoen talde ugarik erabiltzen dute, eta denek behar dituzte entrenamenduak eta lehiaketak egiteko egoki prestatutako instalazioak. Hori dela eta, berritze lan honek herriko kirol jardueraren kalitatea eta jarraikortasuna bermatzea lortuko du”, adierazi dute Udaletik.
Berdegunea berritzearekin batera, Udala legegintzaldi hasieratik ari da Astolako kirol gunea eta haren ingurua hobetzeko lanean. Azken urteotan, hainbat hobekuntza lan egin dira, besteak beste, aldagela berriak sortu dira, gimnasioko makinak berritu dira, igerilekuetako arazketa sistema berritu da eta kalistenia parkea sortu da. Horrez gainera, hainbat hitzarmen sinatu dira herriko kirol klubekin, taldeekin harreman zuzenagoa izateko eta haien beharrizanei ahalik eta modu onenean erantzuteko asmoz


