DOT Durangaldea

Durangok Musik(H)abian programa aurrera doa

Durangoko Udalak sustatutako deialdiak Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak uztailean aktibatutako hiru plazak osatzen ditu

Deialdia irailaren 23ra bitarte egongo da zabalik

DURANGO | Durangoko Udalak, Astarloa Kulturgintzaren bitartez, Musik(H)abian ekimenean parte hartuko duen tokiko proiektua hautatzeko deialdia ireki du. Musik(H)abian musika-sektoreari lotutako ekimenak bultzatu eta profesionalizatzeko ekintzailetza-programa da.

Deialdi berri honek joan den uztailean aurkeztutako prozesua osatzen du, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak programako lau plazetatik hiruri dagozkien deialdiak abian jarri zituenean. Laugarren plaza, Durangoko Udalarekin izandako lankidetzari esker, udalerritik sustatutako ekimen bati erreserbatuta dago.

Horrela, Musik(H)abian programan parte hartuko duten lau proiektuetako bat Durangokoa izango da, eta, horrenbestez, tokiko talentuaren presentzia indartuko da Euskal Herriko musika-proiektuei profesionalizazio-, sendotze- eta garapen-prozesuan laguntzeko sortutako programa baten esparruan.

Deialdia irailaren 23ra bitarte egongo da zabalik, egun hori barne, eta beren jarduera artistikoarekin lotutako proiektu bat profesionalki egituratu nahi duten musikariei nahiz musika-industriari lotutako negozio-ideiak, zerbitzuak edo ekimenak abian jartzeko interesa duten ekintzaileei zuzenduta dago.

Durangorako erreserbatutako plaza eskuratzeko, parte-hartzaileek 18 urtetik gorakoak izan beharko dute eta udalerrian erroldatuta egon. Egoitza soziala Durangon duten pertsona juridiko pribatuek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta musikarekin lotutako negozio-ideia edo -proiektu bat badute.

Paule Sánchez Kultura zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzako presidenteak nabarmendu duenez, “deialdi honekin bermatzen dugu Musik(H)abian programako lau proiektuetako bat Durangokoa izatea, tokiko talentuarentzat aukera zehatz bat sortuz. Ekimen hori guztiz bat dator etorkizuneko Durango Musika Aterpearen filosofiarekin: sorkuntzari laguntzea, proiektuak profesionalizatzea eta Durango euskal musikarako eta kulturarako erreferentziazko gune gisa finkatzea“.

Hautagaitzak deialdirako prestatutako inprimakiaren bidez aurkeztu beharko dira: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSd29XYdqrqsZHDiMjq5bzFbLygQ8OkRyfuvV-6XDJ7ai1fvFA/viewform

Dokumentazioak formatu libreko dosier bat jaso beharko du, eta bertan azaldu beharko dira proiektuaren deskribapena eta helburu teknikoak eta/edo artistikoak, eskatzailearen ibilbide profesionala, negozio-ideia, xede-publikoa, ekimenaren egungo egoera eta antzemandako beharrak. Era berean, gehienez 500 hitzeko motibazio-gutun bat erantsi beharko da, izena emateko inprimakia bete eta programako saioetara joateko konpromisoa hartu.

Oinarriak www.durango.eus -en.

Musik(H)abian programak prestakuntza praktikoa eta laguntza espezializatua uztartzen dituen hamar asteko ibilbide trinkoa proposatzen du, musikaren industriako hainbat arlotako profesionalen eskutik.

Hautatutako lau proiektuetako bakoitzak 40 prestakuntza-ordu izango ditu, lau orduko hamar saiotan banatuta, baita banakako mentoretzako 25 ordu ere. Parte-hartzaileek, gainera, astelehenetik ostiralera Errenterian lanerako gune bat erabiltzeko aukera izango dute.

Programak musika-sektorearen barruan proiektu profesional bat garatzeko funtsezko alderdiak landuko ditu, besteak beste, industriaren testuingurua eta funtzionamendua, negozio-ereduak eta lean start-up metodologia, produktuaren garapena eta MVP diseinua, marketina eta markaren posizionamendua, bezeroen balidazioa, eskubideak eta jabetza intelektuala, alderdi legalak, monetizazioa, lizentziak eta plataforma digitalak, zuzeneko ikuskizunak, nazioartekotzea, eskalagarritasuna eta networking estrategikoa.

Prestakuntza urriaren 14an hasiko da Errenterian eta, ondoren, batez ere Durangon garatuko da abenduaren 16ra arte. Egun horretan egingo da azken saioa, berriz ere Errenterian.

Prozesuari amaiera emateko, parte hartzen duten proiektuek beren ekimenak Must +PRO Euskal Herriko musikaren topaketa profesionaleko pitching saioetan aurkezteko aukera izango dute.

Durangoko proiektuaren hautaketa

Hautaketa Musika Bulegoko, Durangoko Udaleko eta Errenteriako Agustinak Zentroko ordezkariek osatutako epaimahai profesional baten esku egongo da.

Proiektuak gehienez 100 punturen gainean baloratuko dira, lau irizpide nagusi kontuan hartuta, hau da, proposamenaren bideragarritasuna eta potentziala, berrikuntza-maila eta balio erantsia, eskatzailearen profila eta motibazioa, eta Euskal Herriko musika-ekosistemari egiten dion ekarpena.

Halaber, taldearen azken osaeran, hautatutako lau proiektuen arteko genero-oreka hartuko da kontuan, baita ekimenen izaera juridikoa eta antzinatasuna ere, oinarrietan ezarritako irizpideen arabera.

Deialdiaren ebazpena iraila amaieran jakinaraziko da, prestakuntza-programa hasi aurretik.

Informazio gehiago jasotzeko edo kontsultak egiteko, interesdunek astarloa@durango.eus helbidera idatzi dezakete.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top