Lanak aurkezteko epea abuztuaren 27ko 12:00ak arte egongo da zabalik

DURANGO | Udalak abian jarri du 2026ko San Fausto jaietako kartel lehiaketa. Lanak aurkezteko epea abuztuaren 27ko 12:00ak arte egongo da zabalik, eta proposamenak telematikoki bidali beharko dira partehartu.durango.eus plataformaren bidez.
Lehiaketa artista profesional zein zaleei bideratuta dago, eta egile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Oinarriek argi uzten dute sormen lanak jatorrizkoa izan behar duela eta guztiz debekatuta dagoela adimen artifizial generatiboa erabiltzea. Lanek 70×50 zentimetroko neurria eta «SAN FAUSTO JAIAK 2026 / DURANGO / Urriaren 10etik 18ra» testua eraman beharko dituzte.
Aukeraketa prozesuak bi fase izango ditu:
-
Epaimahaia: Jai Batzordeak, tokiko artistek eta diseinatzaile grafiko batek zazpi lan finalistak hautatuko dituzte.
-
Herritarren bozketa: Irailaren 4tik 11ra bitartean, 16 urtetik gorako durangarrek euren gogokoena bozkatuko dute (aurrez aurre zein webgunean).
Irabazlea irailaren 16an jakinaraziko da eta 900 euroko saria jasoko du.


