Programazioa irailetik urtarrilera bitartean garatuko da

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak abian jarri du “Zornotzan” ikastaro eta jardueren gidaren edizio berria (2026-2027 ikasturtea), irailetik urtarrilera bitarte prestatutako eskaintza hezitzaile, sozial eta kulturala jasoz. Gidak tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak eta adin guztietarako jarduerak batzen ditu, herrian ikaskuntza, ongizate, berdintasun eta gozamen partekatua sustatzeko helburuarekin.
Jarduera eta ikastaro bakoitzak izena emateko epe eta bide propioak zehaztu ditu, tramitazioa online, udal webgunearen bitartez, zein aurrez aurre, Zelaieta Zentroan egiteko aukerarekin:
Ohiko moduan, ikastaroen gidak alor ezberdinetako ikastaroak eskaintzen ditu, hala nola, berdintasun, euskera, gizarte ekintza, kirola, liburutegi edo kultur arlokoak.
Berdintasun arloari dagokionez, emakumeentzako jabekuntza eta ongizatea izango dira ardatz. Ikastaroak doakoak izango dira eta proposamenen artean daude martxa nordikoaren tailerra, osasun kognitiboa eta garuna entrenatzeko saioak, Afrikako perkusio tradizionaleko tailerra edota autoestima eta muga pertsonalak lantzeko “Benetakoak” programa.
Izen-ematea: Abuztuaren 20tik irailaren 20ra egongo da zabalik HAZen edo webgunean.
Euskara arloak herritarrengana hurbiltzeko apustua berritzen du. Berba taldeak jarriko dira martxan bi astetik behin euskara giro atseginean praktikatzeko, eta Udal Euskaltegiak urte osoko eskaintza zabala emango du. Aurre-matrikulazio epea irailaren 1etik 23ra izango da eta informazio osagarria hemen dago eskuragarri.
Gizarte ekintza arloak, familia eskolak, zaintza eta prebentzioa izango ditu ardatz. Familia Eskolek gurasotasun positiboa eta hezkuntza emozionala landuko dituzte eta Zainduz programaren bitartez zaintzaileentzako hitzaldiak, tailer praktikoak eta irteera kulturak (Euskararen Etxera edo Euskal Museora) eskainiko dira.
Izen-ematea ikastaroaren araberakoa izango da eta irailean eta urrian zehar zabalduko dira epeak udal webgunean eta HAZen.
Nagusi Aretoan, halaber, 60 urtetik gorakoentzako eskaintza zabala prestatu da: antzerkia, ahotsa, txalaparta, panderoa, sevillanak, xakea eta gimnasia kognitiboa. Teknologia berriak ere izango dira hizpide, baita ibilaldi osasungarriak eta bisita kulturalak ere.
Izen-ematea: Irailaren 14tik 30era (zozketa urriaren 1ean) HAZen edo webgunean.
Kirolean, Larrea kiroldegiak helduentzako ikastaroak eskainiko ditu (mantentze gimnasia, pilates, spinbike, hipopilates, GAZ, egokitzea), baita hiruhileko aquagym eta igeriketa saioak ere. Haurrentzat igeriketa ikastaroak (familiarizazioa, hastapena, hobekuntza) eta gimnasia erritmikoa egongo dira eskuragarri.
Izen-ematea: Urriko ikastaroetarako irailaren 1etik 10era (zozketa irailaren 11n). Azaro eta abenduko ikastaroetarako izen-emateak hilabete bakoitzaren hasieran egingo dira.
Kultura ikastaroak eta Liburutegia (Zelaieta Zentroa)
Kultur arloan urte osoko ikastaroak eskainiko dira: bitxigintza, saloi dantzak, yoga, mindfulness, zur-langintza, joskintza, akroyoga, buztin-modelatzea, puntoa & crocheta, marrazketa eta pintura, akuarela eta haurrentzako marrazketa.
Ikastaro bereziak ere izango dira, hala nola, emakumea, kirola eta elikadura, sukaldaritza tradizionala, lettering, menopausia en positivo…
Liburutegian, berriz, Azalerako Ipuinak, Familientzako Irakurketa Kluba eta helduentzako irakurketa klubak (euskaraz zein gaztelaniaz) egingo dira.
Izen-ematea: Irailaren 23ra arte, Zelaietan aurrez aurre edo izenemateak.amorebieta-etxano.eus webgunean.
Zornotzan Jarduerak
Amorebieta-Etxanoko Udalak iraila eta abendua bitarteko jardueren egitaraua aurkeztu du, datozen hilabeteetarako kultur, jai eta kirol eskaintza zabala biltzen duena. Erakusketen atalean, Zelaieta Zentroak zein herriko kaleek hainbat proposamen hartuko dituzte; haien artean nabarmentzen dira BBKren VII. Artearen Ibilbidea (Animalario), euskal emakume artisten Bosteko 2026 egitasmoa, gizarte-sentsibilizazioko erakusketak, eta Pintzelak zein Uztargi.klik tokiko elkarteen lanak.
Musika eta arte eszenikoei dagokienez, lau hilabete hauetako programazioak Eleizetan zikloaren kontzertuak hurbilduko ditu udalerriko baselizetara, eta Zornotza Aretoak kalitatezko antzerki, dantza zein zirku ikuskizunak eskainiko ditu (Tretatxu, Bi baso bat ur, Oh! Pera…). Horiez gain, auzoetako jaiek eta astero herria alaituko duten trikitilari, txistulari eta fanfarrien kalejirek giro bizia bermatuko dute.
Azkenik, iraila eta abendua bitarteko egitarauak adin guztientzako hitzordu nagusiak bilduko ditu, hala nola Mangamore (Japoniar Kulturaren Jardunaldiak), Euskal Jaia, Arimen Gaua eta Jokoan 2026 topaketa. Gazte eta familientzako eskaintza honekin batera, kirol arloko lehiaketa nagusiak ere egingo dira, tartean Emakumezkoen Areto Futbol Torneoa, K1 Open Euskadi vs Irlanda, Aramotz Mendi Lasterketa eta Nazioarteko Krosa.
Zornotzan gidaren edizio berriak Udalaren konpromisoa islatzen du, kultura eta prestakuntza eskaintza anitz, irisgarri eta inklusiboarekin. Programazio hau ikasturte berria laguntzeko diseinatuta dago, Amorebieta-Etxanoko herritarren eguneroko bizitza aberastuko duten proposamenekin.


