Hautatutako 30 proposamenetatik lehenengoak agertokira igo dira jada eta publikoak zein epaimahaiak —sektoreko profesionalek eta udal-teknikariek osatua— zuzeneko lehen emanaldiak baloratu dituzte Durangoko hainbat tokitan. Kontzertuek 2026ko ekaineko eta uztaileko larunbat eta igandeetan jarraituko dute. Doako saio hauek 40 eta 50 minutu arteko iraupena dute parte-hartzaile bakoitzeko eta sorkuntza propioa funtsezkoa da, errepertorioaren gutxienez %66ak jatorrizkoa izan behar du.

Gaur egungo talentuaren argazki eklektikoa

Lehen jardunaldiek kalitate artistiko handiko estilo eta proposamen aniztasun zabala erakutsi dute:

  • Julen Burgos: bakarkako formatuan hunkitu zuen, bere gitarrarekin soilik eta maitasun-abesti polit eta intimoen errepertorio batekin.
  • Scusy Boys: Gasteizko gitarra/ahots eta bateria bikoteak hipnosia eta indar erritmiko bizia txertatu zituen taula gainean.
  • Deriba: ezusteko atsegina eman zuten, metal energiaz eta pop melodia zainduz beteriko proposamen oso trinkoari esker.
  • Etorkizun Beltza: Gernikatik zuzenean, soinu-indar handia deskargatu zuten, mezu sozial indartsuko letrekin lagunduta.
  • Alex de Benito Project: Barakaldoko gitarra-joleak doitasun tekniko handiko metal melodiko instrumentaleko benetako makineria lideratu zuen.
  • Shut You On (SYO): Berrizko taldeak giro introspektiboz eta atmosfera hipnotikoz jantzi zuen Koba jaialdiaren aurreko unea.
  • Blackmoon: Iruñetik iritsi ziren, agertokian nortasun handiko hard rock bizi eta anitza zabaltzeko.
  • Leaven Slave: umore ona eta punk jarrera guztiz erakargarria erakutsiz.
  • Patxi Luque: Antzuolako abeslariak metal klasikoko eta gitarra melodikoko proposamen sendo bat gidatu zuen.

Asteburu honetako hitzordua Otamotzenan

Zuzenekoen zikloak asteburu honetan jarraituko du. Ekainaren 20an, larunbata, Otamotzenan 21:00etatik aurrera mala handiko hiru talde igoko dira agertokira euren proposamenak defendatzera Golden Blend, I See Explosions eta Sweet Rage. Publikoak aukera bikaina izango du bere botoekin talde gogokoenak finalerako bidean laguntzeko.

Sari handietarako azken txanpa

Antolakuntzak bultzada berri bat eman nahi dio lehiaketari azken kanporaketei begira. Taldeak final handirako txartela lortzeko lehiatuko dira, eta bertan Izar Records-en estudioetako produkzio sari hauek erabakiko dira:

  • Lehen sailkatua: 10 abestiko LP baten grabazioa (5 grabazio egun, 10 nahasketa eta masterizazio egun 1 barne).
  • Bigarren sailkatua: 5 abestiko EP baten grabazioa (3 grabazio egun, 5 nahasketa eta masterizazio egun 1).
  • Durangaldeko banda onena: 2026ko San Faustoetako kontzertua, 600 €-ko cachearekin, eta single baten grabazioa.
  • Metal talde onenak KOBA LIVE jaialdiaren 2027ko edizioan parte hartuko du.
  • Eszenaratze onenari saria: Single baten grabazioa eta bideoklip baten ekoizpena.
  • Soinurik onenari “Txirula” saria: Musikarientzako material berezituko pack bat.

Datozen hitzorduak: Aniztasuna, sustraiak eta indar hutsa

Plateruena – Izar Records Lehiaketak ez du etenik eta hurrengo geldialdiek maila altua mantentzea aurreikusten dute, musika Durangoko hainbat txoko esanguratsutara eramanez:

  • Ekainak 27, larunbata (16:00) – “Munduko Arrozak” berezia: soinu anitz zein kulturaniztunek jantziko dute jardunaldi hau. Momak eta Territorio Norte taldeek freskotasuna, melodia itsasgarriak eta ritmika bikainak ekarriko dituzte, kanpoko jai eta komunitate giro baterako ezin hobeak.
  • Ekainak 28, igandea (17:00) – Tabirako Jaiak: rocka eta groovea arratsaldearen jabe egingo dira. A caballo Regalado, Dale Kaligularen gitarra-indarrarekin eta Lorraineren soinu alternatiboarekin batera; Folk Rippers taldeak, berriz, ukitu akustikoa eta sustraietakoa eskainiko du. Ekaina borobiltzeko konbinazio ezin hobea.
  • Uztaileko ostiralak (3, 10, 17 eta 24) – Plateruenako Terrazako gauak: lehiaketaren erdigunea terrazako arratsalde-gau saio bizietara mugituko da, final handiaren atariko gisa. Musika ertatik estilo ugari izango dira, esaterako rock klasikoa, metala, punka eta pop alternatiboa. Soporte Vital Básico, Alerta Petrov, Slide, The Soulbar taldea, Bixonte Dort, Iker Gomez, Debirah Riff, Republica, El callejón del gato eta Dorre bezalako taldeek parte hartuko dute,  faseko azken aukera hauetan publikoa eta epaimahaia euren proposamenekin erakartzen saiatuz.
  • Irailak 26 larunbata – Final haundia Goienkaleko jaietan. Kanporaketa faseko 3 talderik onenak eta durangaldeko 2 talderik onenak  Goienkaleko jaietan lehiatuko dira.

Durangoko Udalak eta Izar Records-ek asteburuko kontzertuetara bertaratzeko deia egiten diete herritarrei, zuzeneko musika babestera eta botoa ematera. Azken batean, herritarren botoek balorazioaren %40 osatzen dute, eta finalerako sailkapena erabakitzeko funtsezkoak izango dira.