DOT Durangaldea

‘Haizetara’ jaialdiak doinu eta erritmoz beteko ditu Zornotzako kaleak asteburu honetan

XIX. edizioak nazioarteko hamar talde bilduko ditu eta 20.000 euro banatuko ditu saritan

Koldo Bilbao eta Ainhoa Salterain

AMOREBIETA-ETXANO| Ekainaren 19tik 21era, Zornotzako kaleak erritmoz, kolorez eta energiaz beteko dira ‘Haizetara’ Kaleko Musika Jaialdiaren XIX. edizioarekin. Urtetik urtera ospea hartzen ari den hitzordu honek herrialde desberdinetako hamar talde lehiakide bilduko ditu aurten, Belgika, Frantzia, Italia, Hungaria eta Estatuko hainbat tokitako doinuak ekarriz. Bandek lau emanaldi eskainiko dituzte udalerriko gune ezberdinetan, askotariko estiloak nahastuz: jazza, funka, bertsioak, konposizio originalak, musika elektronikoa, hip-hopa eta folka.

Edizio honetan parte hartuko duten bandak hauek dira: Pierres&fils, Banda Quetzal, Les Rogers Brass Band, Seven Seas Orchestra, Mamabrass, Fanfarria Taquikardia, Forbi Brass Band, Los Justicieros, Super Panela eta Barna Sabor Trubača.

Programazioa

Jaialdia ostiralean hasiko da, hilak 19, 19:00etan, Zelaieta parkean egingo den taldeen aurkezpenarekin, eta igandean amaituko da, hilak 21, 13:00etan, parke berean egingo den sari banaketarekin. Hiru egunetan zehar, kontzertu ugari izango dira herriko hainbat gunetan: Andra Mari, Gernika, Arraibi, Euskal Herria, Kalbario eta Zubiondo plazetan, Zezilia Gallartzagoitia eta Sabino Arana kaleetan, Harrison hotelean eta beste hainbat txokotan.

Horrez gain, jaialdiaren barruan III. Euskal Herriko fanfarre eta txaranga topaketa ospatuko da larunbatean. Lehiaketatik kanpo, Sugarri, Malatxo, Incansables, Mauxitxa, Sama Siku eta Zornotzako Musika Banda arituko dira kaleak girotzen. Bestalde, ostiral eta larunbat gauerdian (00:00etatik aurrera), Ariane Quartet taldearen Jam Session saioak izango dira Harrison hotelean.

 ‘Haizetara’ App-a

Aurten hiru sari egongo dira jokoan: bandarik onena (15.000 €), instrumentistarik onena (1.000 €) eta publikoaren saria (4.000 €). Edizio honetako berrikuntza nagusia Haizetara App-a da. Tresna digital honen bidez, Publikoaren Saria bozkatzeaz gain, taldeak mapan kokatu, haien emanaldiak entzun, biografiak kontsultatu eta egitaraua eskuratu daiteke.

Koldo Bilbao Kultura zinegotziak azaldu duenez, online bozketa ekainaren 19ko 20:00etatik ekainaren 20ko 24:00etara bitartean egin beharko da. Mugikorrik erabili nahi ez dutenentzat, Zelaieta Zentroko dendan (merchandising-a saltzen den lekuan) bozketa-puntu digital bat jarriko da, aurrez aurre bozkatzeko aukera emanez.

Ainhoa Salterain alkateak adierazi duenez, jaialdi hau herriarentzat “kulturaren, sormenaren eta bizikidetzaren adierazgarri da”, eta herritar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera. Azkenik, ekitaldiekin batera, Zelaieta Zentroan “Aerofonoak: Munduko Haizeak” erakusketa egongo da ikusgai uztailaren 3ra arte, doako sarrerarekin.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top