Inkorporazioa Euskal Poliziaren 5. promozio bateratuko diploma eta egiaztagirien banaketaren ondoren iritsi da

DURANGO | Durangoko Udalak sei agente berri gehitu ditu Udaltzaingoaren plantillara, udalerriko segurtasun zerbitzua indartzen jarraitzeko helburuarekin. Agente berrien inkorporazioa maiatzaren 22an Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin zen Euskal Poliziaren 5. promozio bateratuko diploma eta egiaztagirien banaketa ekitaldiaren ondoren iritsi da. Ekitaldian, guztira, 364 pertsonak jaso zituzten diplomak, eta bertan izan ziren senideak, lagunak, agintariak eta erakundeetako, polizietako zein sindikatuetako ordezkariak.
Bestalde, Udalak jakinarazi du laster amaituko dela ikerketa-agenteen prozesua ere. Horri esker, Udaltzaingoaren plantilla gehiago indartu ahal izango da, gaur egun martxan dagoen sendotze-prozesuari jarraipena emanez.
Aldi berean, Udaltzaingoak etengsbeko hobekuntza lanean jarraitzen du prestakuntzaren, barne-antolaketaren eta egokitzapen teknologikoaren arloetan. Ildo horretan, adimen artifizialarekin lotutako tresnak txertatzen ari dira, zerbitzuaren eraginkortasuna eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzeko asmoz.
Agente berrien etorrerarekin batera, Josune Escota Segurtasuneko zinegotziak ongietorria eman die, eta Udaltzaingoak egunerokoan egiten duen lanaren balioa nabarmendu du. Gainera, Udalak Durango seguru bat eraikitzen jarraitzeko apustua berretsi du, prebentzioa, hurbiltasuna eta herritarrenganako arreta poliziaren lanaren funtsezko oinarriak izaten jarrai dezaten.
Horrela, Udalak lanean jarraitzen du Udaltzaingoari egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide teknologikoak emateko, herritar guztien ongizatean eta segurtasunean lagunduko duen kalitatezko zerbitzu publikoa bermatuz.


