Udalak bat egin du gaixotasun kronikoak ikusarazteko eta herritarrak sentsibilizatzeko ekimenarekin

DURANGO | Gaur, asteartea, maiatzak 12, Durangoko Arte eta Historia Museoa urdinez argiztatuko da Enzefalomielitis Mialgikoa/Neke Kronikoaren Sindromea (ME/NKE), Fibromialgia (FM), Kimikoekiko Sentikortasun Anitza (KSM) eta Sentikortasun Elektromagnetikoa (EHS) pairatzen dutenen Munduko Eguna dela eta. Ekimena SFC-SQM Euskadi-AESEC elkartearekin elkarlanean burutuko da, pertsona askori eragiten dieten arren gaur egun sozialki ezezagunak eta ikusezinak izaten jarraitzen duten gaixotasun hauei ikusgarritasuna emateko helburuarekin.
Keinu sinboliko honen bidez, Durangoko Udalak babesa adierazi nahi die patologia hauekin bizi diren pertsonei, eta herritarrak sentsibilizatu nahi ditu gaixotasun horiek eguneroko bizitzan sortzen dituzten zailtasunen inguruan. Izan ere, eritasun hauek muga fisiko eta sozial larriak eragin ditzakete, gaixoak desgaitzeraino eta isolatzeraino, haien autonomia eta bizi-kalitatea nabarmen kaltetuz.
Museoaren argiztapenak konpromiso eta kontzientziazio kolektiborako mezua ere zabaldu nahi du. Horrela, gizarte informatuago, inklusiboago eta sentsibilizatuago baterantz pausoak emateko beharra azpimarratu nahi da, ME/NKE, FM, KSM eta EHS gaixotasunak dituzten pertsonen errealitatea erdigunean jarriz.


