San Anton ermitatik Maderas Gallastegiraino doan tartea eraldatu da, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz

ELORRIO | 2025eko martxoan hasitako Urkizuaran kaleko obrak amaitu dira. San Anton ermitatik Maderas Gallastegiraino doan tarteak eraldaketa handia izan du: errepidea egokitu da, zeuden espaloiak hobetu dira, oinezkoentzako ibilbide berri bat sortu da, argiztapen berria jarri da eta ur-bilketa sistema berritu da, beste hainbat esku-hartzeren artean.
Julene Lazkano Elorrioko alkateak nabarmendu duenez, “lehengo errepide nagusia herritar guztiek gozatzeko moduko pasealeku polit bihurtu da”. Azpimarra berezia egin nahi izan da, halaber, udalerrirako sarbide den bide honetan irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko: autoen abiadura murriztu egiten da bidea estutu delako eta zebra-bide altxatuak jarri direlako, eta oinezkoentzako tarte berria hesiz babestuta dago.
Esku-hartzearen kostu osoa 714.000 eurokoa izan da, eta horietatik 506.314 euro Bizkaiko Foru Aldundiak jarri ditu.
Udalak azpimarratu du etengabeko ahalegina egiten ari dela udal azpiegiturak hobetzeko eta espazio publikoak modernizatzen jarraitzeko, herritarren bizi-kalitatean zuzenean eragiten duten jarduketen bidez.
Era berean, obrek iraun duten bitartean auzotarrek erakutsitako ulermena eta lankidetza eskertu nahi izan ditu Udalak, eta orain berritutako gune honetaz gozatzera gonbidatu ditu.


