Lehengo zorua mantentzen duten zatiak ordezkatu eta ‘granicem’ eredua jarriko dute

ERMUA | Ermuko Udalak espaloi zati batzuk berrituko ditu Bizkaia Etorbideko zenbaki bikoitietan, oraindik baldosa zaharrak dituzten guneetan. Jardunetik aprobetxatuko da Ur Partzuergoak laster Kaltxango eta Abeletxeko tunelaren artean egingo dituen obrak espaloia ere berritzeko.
Udalaren esku-hartze honi esker, lehengo zoru hori kendu eta ‘granicem’ ereduarekin ordezkatuko da; hau da, herriko gune berrituetan eta gune urbano berrietan jartzen ari diren baldosa bera. Modu honetan, espazio publikoa hobetzen eta homogeneizatzen jarraituko da. “Esku-hartze honekin aurreikusita dagoen obra bat aprobetxatuko dugu espazio publikoa hobetzeko. Bizkaia Etorbideko zati honetan oraindik baldosa zaharrak geratzen dira, eta egungoa eta homogeneoa den zoru bat jarriko dugu. Gainera, koordinazio honek modu eraginkorragoan jokatzea, gastu bikoiztasunak saihestea eta auzokideei eragozpen gutxiago eragitea ahalbidetzen digu”, adierazi du Rosi Cid Hirigintza zinegotziak.
Jarduketa-eremua Kaltxango plazatik Bizkaia Etorbideko tunelera artekoa izango da. Berritze honekin, Udalak herriko sarbide nagusietako baten irudi urbanoa eta zoruaren egoera orokorra hobetu nahi ditu.
Bi fase
Obrak, aurreikuspenen arabera, datorren astean hasiko dira eta bi fasetan egingo dira. Lehenengoa Abeletxeko tunelaren eta Valdespina Markesaren parkearen artean egingo da; bigarrena, berriz, parketik Kaltxango plazatxoraino. Lanak hiru hilabete eta erdi inguru luzatuko direla kalkulatu da.
Obrak irauten duen bitartean, trafikoan eragina izango duela aurreikusten da, batez ere Abeletxeko tunelaren inguruan; bertan, txandakako pasabidea egokituko da seinalistek lagunduta.


