DOT Durangaldea

Amoreszena jaialdiak antzerkiz beteko du Zornotza maiatzean

Hitzordua maiatzaren 22tik 24ra izango da, antzerki, zirku eta umeentzako jarduerekin

Amoreszena jaialdiaren aurkezpena Amorebieta-Etxanon

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanok Amoreszena jaialdiaren lehen edizioa aurkeztu du gaur goizean. Familiei zuzendutako antzerki jaialdi hau maiatzaren 22tik 24ra ospatuko da, adin guztietarako prestaturiko egitarauarekin. Udalak bultzatutako ekimena familia bidezko kultur aisialdia sustatzeko eta antzerkia sormenerako zein balioak transmititzeko tresna gisa erabiltzeko jaio da.

Egitaraua ostiralean, hilak 22, hasiko da Markeliñeren “Andante” eta Hortzmugaren “Alonso, el mensajero de los mandatos imposibles” lanekin. Jardunaldia amaitzeko, gazteentzako antzerki proposamen bat izango da Zornotza Aretoan. Larunbatean izango da jarduera gehien, herriko hainbat gunetan banatuta: “Titeretú” antzerki interaktiboa Zelaieta parkean, “Errotik” ipuin musikalak, “La Petit Caravane” ikuskizun ibiltaria eta “Babes” antzezlana Zubiaurren. Eguna borobiltzeko, Zirkozaurreren “Kalejira” eta “¡Soy una bomba!” lana ikusi ahal izango dira Andra Mari plazan.

Amaiera

Igandean emango zaio amaiera jaialdiari familia osoarentzako saio berriekin; besteak beste, Engruna Teatreren “Univers” (Zornotza Aretoan) eta Zirkun Zirkoren “Loratzen” zirku ikuskizuna plazan. Egitaraua osatzeko, Anita Maravillas taldeak “Procesos y recorrido” hitzaldia eskainiko du Zelaietako auditorioan.

Aurkezpenean, Ainhoa Salterain alkateak eta Koldo Bilbao Kirol zinegotziak azpimarratu dute “lehen aldiz ospatuko den jaialdi honek garrantzi berezia” duela herriarentzat. Ildo horretan, gaineratu dute “antzerkiak eta kulturak balio hezitzaileak” transmititzen dituztela eta ekimen hau “sormenaren eta dinamizazio kulturalaren aldeko apustu garbia” dela.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top