DOT Durangaldea

EAJk Mireia Elkoroiribe berriz ere hautatu du Durangoko Alkatetzarako

Egungo Alkatea berriro ere zerrendaburu izango da, afiliatuen gehiengo osoaren babesari esker

Hauteskundeak datorren urtean izango dira

DURANGO | Durangoko EAJ-PNVk Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia, Durangoko egungo Alkatea, berriro hautatu du gehiengo osoz 2027ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako alkategai gisa. Arlo publikoan zein pribatuan ibilbide sendoarekin Elkoroiribek konpromiso eta lidergo nabarmena erakutsi du udalaren buru gisa egindako lanean.

50 urte dituela, Mireia Elkoroiribek ibilbide profesional oparoa du: gaur egun Alkatea da, Durangaldeko Mankomunitateko presidentea, eta Eusko Jaurlaritzan ere aritu izan da, Garraio Zuzendari, Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailean Kanpo Harremanetako aholkulari eta Osasun Sailburuaren kabineteko Zuzendari gisa. Horrez gain, sektore pribatuan ere jardun du, Dilusiones enpresaren sortzaile eta Montevideo tabernako kudeatzaile izan delarik.

Elkoroiribe Publizitatean, Harreman Publikoetan eta Marketinean graduatua da London Metropolitan University-an; Barne Komunikazioko masterra du Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, eta Turismoan diplomaduna da Deustuko Unibertsitatean. Euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa menperatzen ditu, eta horrek gaitasun handia ematen dio Durango tokian bertan zein nazioartean ordezkatzeko.

Elkoroiribek adierazi du bere helburua dela legealdi honetan martxan dauden proiektuak bultzatzen jarraitzea, besteak beste, Trenbidearen lurzoruak berreskuratzea, Ebazpen Handiko Osasun Zentroa, Tabira kirolgunea, merkatuaren eraberritze integrala, Saibin adinekoentzako zentro berria edo Etxebizitza Plana; guztiak ere Durangoren garapen eta ongizaterako funtsezkoak. “Denbora behar dugu proiektu horiek guztiak aurrera eramateko, gure udalerria eskualdeko erreferente bihurtuko baitute”, nabarmendu du hautagaiak.

Elkoroiribek ilusioz hartu du EAJ-PNVko zerrendaburu izateko bere hirugarren hautagaitza, oraindik lan handia dagoela egiteko sinetsita eta durangarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko asmoz, “konpromisoz, ilusioz, konfiantzaz eta gertutasunez”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top