DOT Durangaldea

Durangoko Udalak aurrera jarraitzen du argiteria publikoa modernizatzeko lanean

Argi puntu berrien ezarpena gaur egun Aramotz eta Astepe auzoetan ari da garatzen

338 zutabeak udalerriko hainbat gunetan berrituko dira

DURANGO | Udalak aurrera jarraitzen du udalerriko argiteria publikoa hobetzeko lanean, energia-zerbitzuen kontratuaren (ESE) bidez. Proiektu honen baotan, aldi berean ari dira argi-puntu berriak instalatzen eta dauden zutabeak berritzen.

“Proiektu hau funtsezkoa da Durango hobetzeko. Azpiegiturak berrituko dira eraginkorragoak, jasangarriagoak eta durangarrok benetan behar dugunera egokituak izateko: argiztapen hobea”, azpimarratu du Mireia Elkoroiribe alkateak.

Argi-puntu berrien ezarpenari dagokionez, proiektua pixkanaka garatzen ari da, zonakako plangintzari jarraituz. Jarduketak Aliendalden hasi ziren 2025eko azarotik abendura bitartean, eta Tabiran jarraitu zuten 2025eko abendutik 2026ko urtarrilera. Gaur egun, lanak Aramotzen eta Astepen egiten ari dira.

Bestalde, San Fausto eta Santikurutz auzoetan martxoa eta apirila bitartean egitea aurreikusita zeuden lanetako batzuk aurreratu egin dira. Hala, dagoeneko hasi dira jarduketak San Fauston —Jesús María Pedrosa eta Jesús María Leizaola kaleetan— eta Santikurutzen, Hegoalde etorbidean.

Ondoren, jarduketak modu mailakatuan hedatuko dira: apirila eta maiatza bitartean San Inazio eta Muruetatorren; maiatza eta ekaina bitartean Magdalena eta San Roken; eta ekaina eta uztaila bitartean Landako eta Mugarra auzunean. Azkenik, uztaila eta abuztua bitartean amaituko dira lanak Alde Zaharrean eta Erretentxun. Hedapen mailakatu horri esker, udalerri osoko argiztapen-beharrei modu ordenatuan erantzun ahal izango zaie.

Proiektuak, halaber, argiteria publikoko zutabeak berritzea aurreikusten du, hasiera batean 350 unitatetan jarduteko asmoz. Horietatik 338 dagoeneko onartuta daude; gainerako 12ak, berriz, erosi eta etorkizuneko beharrei erantzuteko erabilgarri utziko dira. Bi zutabe-mota instalatuko dira: 291 unitate 4 metrokoak eta 47 unitate 8 metrokoak, espazio bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.

Banaketari dagokionez, 338 zutabeak udalerriko hainbat gunetan berrituko dira: Ezti, Antso Estegiz eta Urkin 74 unitate; Intxaurrondo parkean 4; Erretentxun 113; Urki eta Hegoalde artean 49; Hegoalden 16; Landako etorbidean 28, hainbat puntutan banatuta; eta Landako etorbidean, Ibaizabal parkearen ondoan, 54. Kontratuan ezarritakoaren arabera, jarduketa guztiak lehen urtean gauzatu beharko dira, hau da, datorren iraila baino lehen.

Oro har, jarduketa hauek aurrerapauso garrantzitsua dira Durangoko argiteria publikoa modernizatzeko bidean, eta herritar guztientzat espazio seguruagoak, irisgarriagoak eta erosoagoak izatea ahalbidetuko dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top