DOT Durangaldea

Manuel Hernaez milizianoaren gorpuzkiak identifikatu dira Zornotzako hilerrian

Identifikazio genetikoa 91 urteko alaba bakarrak emandako laginari esker lortu da

Haren gorpuzkiak 2025eko uztailean desobiratu ziren hilerri horretatik.

AMOREBIETA-ETXANO | Gogorak aurrera daraman ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programak’ emaitza positiboak ematen jarraitzen du, oraingoan, Amorebieta-Etxanoko hilerriko hobian, Manuel Hernáez Ruidíaz milizianoa genetikoki identifikatuz, Izquierda Republicanako ‘Zabalbide’ batailoiko gudularia; haren gorpuzkiak 2025eko uztailean desobiratu ziren hilerri horretatik.

Identifikazio-prozesua hildakoaren alaba bakarrak emandako DNA laginari esker egin da. 2024aren hasieran eman zuen lagina, eta emaitza orain gauzatu da; izan ere, martxoan osatu dira Amorebieta-Etxanon berreskuratutako hezur guztien DNA erauzketa eta analisia. Lagin genetikoak hartu ziren unean, 2024ko urtarrilean, Manuel Hernáez Ruidíaz-en gorpuzkiak desobiratu gabe zeuden oraindik; ordutik, haren lagina DNA Bankuan gordeta egon da, hezur-hondakin guztietatik ateratako DNA perfilekin erkatzeko aukera gauzatu arte.

Alabak badu jada identifikazioaren berri, eta datozen asteetan berreskuratuko ditu aitaren gorpuzkiak. Alabarentzat eta familiarentzat jakinekoa zen Manuel bataila batean hil zutela Muxikatik gertu (Bizkaia), eta uste zuten hilda eraman zutela Amorebieta-Etxanoko hilerrira. 2023ko abenduan, hilerri horretan desobiratze-lanen berri izan zuten, eta orduan jarri ziren harremanetan Gogora Institutuarekin identifikaziora eraman duen prozesuari ekiteko.

Identifikazio berriak

Amorebieta-Etxanoko desobiratze-lanak 2025eko uztailean amaitu ziren, sei kanpaina egin ondoren. Azkenean, 157 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira guztira, azken honekin, 7 dira identifikatutako pertsonak. Identifikazioek informazio baliotsua ematen dute gainerakoek zein profili erantzuten dioten ulertzeko.

1936ko abendutik 1937ko maiatzera bitartean Bizkaian gerrako hainbat frontetan hildako borrokalariak direla ondorioztatzen da, edo denbora tarte horretan Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrera zaurituta eraman ondoren hildakoak.

Beraz, Gogora Institutuak berretsi egin nahi du gerran hildako eta desagertutako borrokalarien senideei egindako deia, DNA Bankuarentzako lagina eman dezaten, identifikazio berriak lortzeko.

Hauek dira orain arte identifikatutakoak:

§ Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa (Bizkaia)

§ Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa (Bizkaia)

§ Enrique Contreras, Linaresekoa jaiotzez (Jaen) eta Aretxabaletako bizilaguna (Gipuzkoa)

§ Benigno Hierro Pinedo, Ortuellakoa (Bizkaia)

§ Jacinto Polo Ríos, Donostiakoa (Gipuzkoa)

§ Jesús Arratibel Ruiz de Alegría, Zalduondokoa (Araba)

§ Manuel Hernáez Ruidíaz, Matuten jaioa (Errioxa) eta Bilboko bizilaguna (Bizkaia)

Centoitabengoa, Iñiguez y Hierro, Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako ‘Perezagua’ batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean. Enrique Contreras, EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ batailoiko gudaria, egun bat lehenago hil zen, apirilaren 6an, Diman, Barazar inguruan. Jacinto Polo eta Jesus Arratibel Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean hil ziren 1936ko abenduaren lehen astean. Manuelen kasuak denbora tartea zabalzen du 1937ko apirilaren bukaera arte.

Zonaldeak eta datak zein diren ikusita, Gogora Institutuak berriro dei egiten die data edo fronte horietan desagertutako gudularien senideak harremanetan jar daitezen.

gogora@euskadi.eus | 944032845

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top