Herritarrek etxebizitzaren inguruan dituzten beharrizanak, kezkak eta proposamenak helarazi ahal izango dituzte

ABADIÑO | Udalak otsailean abiatu zuen Abadiñoko Etxebizitza Plana lantzeko prozesua, etxebizitzaren arloan dauden erronka eta beharrizan nagusiei modu integralean, koordinatuan eta errealistan erantzuteko helburuarekin. Ildo horretan, otsailaren 25ean, udalak herritarrei zuzendutako aurkezpen saio ireki bat egin zuen, prozesuaren nondik norakoak azaltzeko eta lehen ekarpen orokorrak jasotzeko. Gaur, berriz, prozesuan parte hartzeko inkesta zabaldu da. Herritarren aldetik, zuzeneko informazioa jasotzea da helburua, etxebizitzaren inguruan dituzten beharrizanak, kezkak eta proposamenak ezagutzeko. Era horretara, fase berri batean sartzen da prozesua, eta abadiñar guztien inplikazioa gakoa izango da.
Etxebizitzarekin lotutako hainbat alderdi lantzen ditu anonimoa den galdetegiak. Alde batetik, herritarren egungo egoera zein den ezagutu nahi da: norbere etxean edo alokairuan bizi diren, norekin bizi diren, zein etxebizitza motatan bizi diren edota prezioarekin, tamainarekin, kokapenarekin edo irisgarritasunarekin duten gogobetetzemaila zein den. Datu horiek guztiak Abadiñoko metabolismo demografikoaren diagnosiaren analisi kuantitatiboarekin batera aztertuko dira.
Inkestaren bitartez, hainbat gai jorratzen dira. Besteak beste, etxebizitza aldatzeko beharra —prezioa, erosotasuna edota irisgarritasun falta direla-eta— edo emantzipatzeko zailtasunak dituzten.
Bestalde, inkestak, Abadiñoko etxebizitzari buruzko pertzepzio orokorra ere jaso nahi du. Kasurako, udalerrian hautemandako arazo nagusiak zeintzuk diren galdetzen zaie herritarrei: etxebizitzarik eza, prezio altuak edota etxebizitza hutsak egotea, esaterako.
Halaber, egoera horri aurre egiteko hartu diren neurriei buruz ere galdetzen zaie herritarrei: babestutako etxebizitzak eraikitzea, emantzipaziorako laguntzak hobetzea edota etxebizitza turistikoak mugatzea, besteak beste.
Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu inkesta betetzera, horietako bakoitzaren ekarpenak funtsezkoak izango baitira Abadiñoko Etxebizitza Plana modu errealistan eta udalerriaren beharrei egokituta eraikitzeko.
Udalaren hitzetan, “etxebizitza da gaur egun Abadiñoko herritarren kezka nagusienetako bat. Horregatik, legegintzaldiaren hasieratik, hainbat neurri hartu ditugu egoera horri erantzuteko, hala nola, zenbait lokal etxebizitza bihurtzeko aukera, HAPO berrikustea eskaintza handitzeko edo alokairu publikoko etxebizitza berriak bultzatzea”.
Ildo horretan, gaineratu dute “Etxebizitza Plana egitea beste urrats bat da estrategia horren barruan, eta prozesu parte hartzaile hau gakoa izango da Etxebizitza Plan erabilgarri, errealista eta udalerriko beharrizanekin bat datorrena definitzeko”.
Inkesta martxan dago dagoeneko, eta apirilaren 17ra arte bete ahal izango da online edo presentzialki, udal bulegoetan, Errota Kultur Etxean eta Mediatekan.


