Euskaltegi zaharrean aurreikusitako proiektuak galdetegiak eta herritarren arteko topaketa bat barne hartuko ditu

DURANGO | Durangok gaur goizean aurkeztu du Saibi eraikinean (Euskaltegi zaharra) egongo den Adinekoen Zentro berriaren etorkizuna zehazteko parte-hartze prozesua. Proiektuak 50.000 euroko partida izango du 2026ko udal aurrekontuan, eta parte-hartze bidezko diagnostiko batetik abiatuta garatuko da. Diagnostiko horren bidez, Udalak ekipamendu berriaren espazioak, zerbitzuak eta funtzionamendua zehaztu nahi ditu.
Jesica Ruiz Herritartasun zinegotziak azaldu duenez, legegintzaldiko proiektu estrategikoetako bat da, eta helburua zentroa adinekoei zuzenean entzunez diseinatzea dela azpimarratu du. Zentzu horretan, “espazio ireki, irisgarri eta dinamikoa” sortu nahi dela adierazi du, “autonomia, ongizatea eta gizarte-partaidetza sustatuko dituena”. Horregatik, adinekoei, haien familiei eta herriko gizarte-erakundeei parte hartzeko deia egin die.
Parte-hartzea
Prozesua hainbat fasetan garatuko da. Lehen etapa amaitu ondoren, galdetegien fasea irekiko da orain, eta martxoaren 25etik apirilaren 24ra bitartean bete ahal izango dira. Hiru formulario mota prestatu dira, honako taldeei zuzenduak:
-
Herritarrei, bereziki adinekoei.
-
Udaleko langile teknikoei.
-
Elkarte eta erakundeei.
Galdetegi hauen helburua egungo egoerari, hautemandako beharrei eta zentro berrirako lehentasunei buruzko iritziak jasotzea da. Formularioak www.durango.eus webgunean egongo dira eskuragarri, baita paperean ere Adinekoen Zentroan, Liburutegian, Durango Kirolaken eta Otamotzena eraikinean.
Hurrengo fasea maiatzean egingo den herritarren arteko topaketa izango da. Bertan, proposamenak partekatuko dira eta proiektuaren definizioan aurrera egingo da. Diagnostikoaren emaitza publikoa izango da eta etorkizuneko Adinekoen Zentroaren behin betiko eredua erabakitzeko oinarri gisa balio izango du.


